Eusko Jaurlaritza

"Euskararen erabilera inklusiboa", June Fernández Casete

Liburutegi:
HABE Liburutegia
Gaiak:
Hizkuntza eta literatura
Gomendatuta:

Gida hau irakurtzea erabaki duzu; beraz, seguru asko argi izango duzu hizkuntzak paper garrantzitsua betetzen duela gizarte baten baloreen eta ideologiaren transmisioan. “Izena duenak badu izana” esamoldearekin laburbildu genezake hizkuntzaren eta mundu ikuskeraren arteko lotura. “Hizkuntzaren bidez errealitatea izendatzen dugu, etiketak jartzen; baina errealitate hori interpretatu eta sinbolikoki sortu ere egiten dugu, abstrakzioak jarrita”, horixe dio euskararen erabilera ez-sexista buruz Emakundek argitaratu zuen lehen eskuliburuak (1988).

Gaztelaniaren edo frantsesaren erabilera sexistari buruz ari bagara, genero maskulinoaren erabilera orokortzailea ezbaian jartzeko erronka etorriko zaigu kolpean burura. Gaztelaniaren kasuan, polemika ugari izan dira: Juan Jose Ibarretxe lehendakariak ‘vascos y vascas’ esaten zuela, Bibiana Aido Berdintasun ministroak ‘miembra’ esan zuela, Espainiako Errege Akademiak (RAE) hizkuntzaren erabilera ez-sexista buruzko gidak kritikatzen zituen txosten bat argitaratu zuela…
Baina zer gertatzen da euskararen kasuan? Egia da, genero markarik gabeko hizkuntza izanik, zailtasun gutxiago somatzen eta topatzen ditugula egunerokoan (neutroak baitira ikasleak, bazkideak, abokatuak eta abar). Baina horrek benetan esan nahi al du hizkeran ez dagoela sexismorik?