Azken eguneratzea: 2006/12/18
Arrtsaldean elur-kota 700-800 metrotan izango da
Herrizaingo Sailak Neguko Bideragarritasun Plana aktibatu du
Gidariek 902.112.088 telefono zenbakia eta www.euskadi.net/trafikoa webgunea dituzte eskuragarri, informazioa jasotzeko
Prentsa Bulegoa / Herrizaingo Saila

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak Neguko Bideragarritasun Plana jarri du gaur (astelehena) indarrean, alerta eta zaintza fasean; izan ere, eguraldiak txarrera egingo duela iragarri dute eta horrek zaildu egin lezake errepideko zirkulazioa. Herrizaingo Sailak gidariak ohartarazi nahi ditu eta arreta handia jartzeko eskatzen die.
Iragarpenen arabera, euri arina (kostaldean ertaina, tarte batzuetan) izango da, eta baliteke egunaren amaieran ekaitzak izatea eta txingorra botatzea kostaldean. Gainera, elur-kota jaitsi egingo da; goizean 900-1.000 metrotan izango da, eta arratsaldean 700-800 metrotan.
Biharko (asteartea), kantauriar isurialdean euri arinak izango direla aurreikusi dute; goizaldean Bizkaiko zenbait tokitan ertainak izango dira, eta kostaldean ekaitzak izatea eta txingorra botatzea da litekeena. Goizaldean, 700 metrotan izango da elur-kota; goizean, berriz, 500 metrotan.
Prezipitazioak urriagoak izango dira arratsaldean, batez ere Gipuzkoan. Bizkaian eta Arabako ipar-ekialdean espero dituzte prezipitaziorik handienak.
Aurreikuspena hori dela eta, Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendariak Neguko Bideragarritasun Plana abiatzea agindu du, ahalik eta ondoen zirkulatu ahal izan dadin. Plana Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroan koordinatuko dute, eta zirkulazio eta errepide zerbitzuez arduratzen diren erakunde eta taldeak ahalik eta modu eraginkor eta onenean koordinatzea du helburu.
Neguko denboraleei aurre egiteko programa honetan, Herrizaingo Saileko Trafiko Zuzendaritza, Herritarren Segurtasunerako Zuzendaritza, Larrialdiei Aurregiteko Zuzendaritza, foru aldundietako errepide zerbitzuak eta  autobideen enpresa emakidunak daude ordezkatuta. Gainera, Euskalmet euskal meteorologia agentziak aholkularitza lana egiten du. 
Erabiltzaileek Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroaren telefonoa (902-112-088) dute erabilgarri etengabe, zirkulazioaren eta errepideen egoeraz informazioa lortzeko. Gainera, Trafiko Zuzendaritzaren webgunean (www.euskadi.net/trafikoa) ere badago horren gainean jakin beharreko guztia jasotzeko aukera.
Halaber, Herrizaingo Sailak azken orduko informazioa emango du une oro, prentsa oharren eta irrati iragarpenen bidez.