Azken eguneratzea: 2008/06/12
Antxoaren populazioak, antza denez, pasa den urteko maila berean jarraitzen du
BIOMAN 2008 ekinaldiaren behin-behineko emaitzak
Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Saila eta Azti-Tecnalia

Eusko Jaurlaritzak AZTI-Tecnaliaren bitartez buruturiko ikerketen behin-behineko emaitzek erakusten dutenez antxoaren ugaritasunak pasa den urteko maila berdinetan jarraitzen du.

BIOMAN 2008 ekinaldi zientifikoa, eguneko arrautza-ekoizpenaren metodoan oinarritzen da (MPDH), eta horrek aurreikusitakoaren arabera une honetan 25.000 t. antxoa inguru daude itxasoan, hau da, 2007. urtean antzemandakoaren antzera.  Egiteko dauden analisien ostean behin behineko aurreikuspen hori baieztatzen bada egiaztatuko litzateke antxoaren stock-a ez dela nabarmen berroneratu eta zuhurtziazko biomasatik (33.000 t.) behera dagoela orain ere.

Dena den, antxoaren egungo egoeraz benetan ohartzeko beharrezkoa izango da eskueran dagoen informazioa guztia batera aztertzea, besteak beste, AZTI-Tecnaliak burututako ekinaldi honen behin behineko emaitzak, eta, IFREMER institutu frantziarrak PELGAS izenpean egindako ikerketa-ekinaldia. Analisi hori Itsasoa Esploratzeko Nazioarteko Batzordeko (CIEM) antxoaren lantaldeak egingo du. Horrek, berrazterketa-kontseilutik pasa ondoren,  emaitzen berri emango die datorren ekainaren 20an Europako Batzordearen Aholkularitza-Erakundeari (STECF) eta Hegoaldeko Lurralde Kontseilu Aholkulariari (CCR.S).

BIOMAN ekinaldiak helburu dauka Bizkaiko Golkoko antxoaren populazioko ugaltzaileen kopurua zein den antzematea eguneko arrautza-ekoizpenaren metodoaren bitartez.   AZTI Tecnaliak egindako ekinaldia  Arrantzatoki-Laginketa Europako Araudiaren barruan kokatzen  da eta 20 urtetik hona Eusko Jaurlaritzak eta Europako Batzordeak sustatua da.

BIOMAN 2008 ekinaldia maiatzaren 6 eta 26 bitartean burutu da Investigador (arrautzen banaketa) eta Emma Bardan (helduen harrapaketa) izeneko ontziekin, eta, egoki aztertu du errunaldi-esparrua, antxoaren ugaltzaileen banaketa-esparruko arrautza-ekoizpen osoa estimatzea izan duelarik.   Antxoa-ale helduen laginketa ere behar bezala garatu da, eta laginak hartu dira errunaldi-esparru osoan zehar. Horri esker antxoaren ugaltzaileen kopurua zenbatetsi ahal izango da eguneko arrautza-ekoizpenaren metodoaren bitartez.

Une honetan, ekinaldiaren emaitzek antxoaren ugaritasunaren behin behineko kalkulua ematen dute berehala estimatzekoak diren parametroak oinarritzat harturik, hau da, eguneko arrautza-ekoizpena populazioko, eta populazio horren eguneko ernalketaren zeharkako kalkulua.  Estimazio hori azken kalkulurako hurbilketa baino ez da. Azken kalkulua zehazteko beharrezkoa da helduen parametroak neurtzea, datu horiek eguneko ernalketa-tasaren estimazioa ematen baitute.  Dirudienez, antxoaren populazioa pasa den urteko maila berdinetan jarraitzea erreklutamendu-maila baxuarekin lotuta egon daiteke.

Horregatik guztiagatik, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailak beharrezkoa deritzo egoera diagnostikoari buruzko azken txostena osatzeari arrantzaldiei buruzko proposamen zehatzak itxi aurretik.