Azken eguneratzea: 2006/02/14
Kultura Saila LAB sindikatuarekin bildu da
Euskararen erabilera lan munduan areagotzeko xedez

Lan bileraKultura sailburuak, Miren Azkaratek, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, Patxi Baztarrikak eta Miren Mateok, Koordinaziorako zuzendariak lan bilera izan dute LAB sindikatuarekin, Donostiako sindikatuaren egoitzan. LABen ordezkaritzaren buru Rafa Diez Usabiaga, LABeko Idazkari nagusia izan da eta berarekin  sindikatuko buruzagiak diren Ainhoa Etxaide, Itziar Lopategi  eta Aitziber Medrano.

 

Bilera honekin, Kultura sailak amaitu ditu eremu soziolaboraleko sindikatu nagusiekin azken asteotan egin dituen lehen hartu emanei heltzeko bilerak. Hauetan, bizitza sozialean eta laboralean euskararen normalizazio-prozesua aztertu da eta jarraipena izango dute   sindikatuekin eta enpresari-elkarteekin, lan-munduan euskararen erabilera areagotzeko estrategiak eta lan-lerroak elkarlanean aztertzeko.

 

Arlo sozio-ekonomikoan jorratzen  diren eta sakondu nahi diren xedeak Euskara Biziberritzeko Plan Nagusian aurreikusitakoak dira. Esparru sozio-ekonomikoa (pribatua zein publikoa) da, agian, heldu-aroko esparrurik garrantzizkoena, eta hortxe neurtuko dute  laster euskalduntzen ari diren milaka gazteek euskararen balioa; halaber, euskaraz bizi nahi duten elebidunek ere hor izan behar dute euskara erabiltzeko aukera. Horrexegatik planifikatu behar ditugu ekimenak modu sistematiko eta zabalagoan.

 

Lan bileraAzken finean, eskenatoki honetan herri-administrazioek eta eragile sozio-ekonomikoek, sindikatuek eta enpresari-elkarteek bereziki, trakzio-lana egin behar dute euskara gero eta gehiago erabil dadin lan-munduan. Izan ere, euskal gizartearen ahaleginari eta egin den hizkuntza-politikari esker, belaunaldi berrietan -lan-munduan sartzen ari direnak eta sartzear direnak- gero eta gehiago baitira elebidunak. 

 

Euskararen sustapena alor sozio-ekonomikoan legealdiko lan ildo nagusia da Hizkuntza Politikarako sailburuordetzarentzat.Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiak dioenari jarraiki, etorkizun hurbileko erronka nagusia euskararen erabilera areagotzea baita. Norabide horretarantz areagotu nahi ditu ahaleginak Kultura sailak, eta, are garrantzizkoagoa dena, ildo horri begira sustatu nahi ditu elkarlana eta ekinbide kontzertatua.

 

Euskararen aldeko politikekin bat egingo duen kontsentsu sozial, politiko eta kulturala sendotzea eta areagotzea ezinbesteko baldintza da esandako helburuak erdieste aldera.

 

Azken 20 urteotan euskarak hazkunde demografikoa, geografikoa eta funtzionala ezagutu du Euskadin. Horren erakusgarri, 1981ean bost lagunetatik batek zekien euskaraz. 20 urte beranduago, biztanleen herenak daki euskaraz: euskarak 200.000 hiztun potentzial irabazi ditu.

 

Euskara, halaber, tokia irabazi du hiriguneetan eta adin-tarte guztietan. Gaur egun, 25 urtetik beherako gazteen artean, gehienak, %50 baino gehiago, elebidun dira.

 

Hazkunde demografiko eta geografikoarekin batera, funtzionalki ere hazi da. Egun, duela 20 urte baino gehiago egiten da euskaraz eta esparru gehiagotan (hezkuntzan, unibertsitatean barne, hedabideetan, kultur sorkuntzaren adierazpideetan, IKTetan edo administrazioan).

 

Nola nahi ere,  egiteko eskubete lan daukagu euskararen etorkizuna bermatuko badugu. Zehazki esateko, erabileraren erronkari modu eraginkorrean aurre egin beharra daukagu. Lan mundua da, erabilera bultzatzeari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak ondorengo urteei begira begiz jotako lehentasun eremu nagusietakoa. Argi dugu, une honetan lan-munduan eta hezkuntza-sisteman badugula behar adinako heldutasuna eta baditugula oinarrizko baldintzak egindako inbertsioei etekina ateratzeko eta euskararen presentzia eta erabilera gero eta enpresa eta organizazio gehiagotara zabaltzeko. Halere, horretarako, ezinbestekoa da sektoreko agenteen eta, bereziki, sindikatuen eta enpresari-elkarteen partehartzea eta lankidetza. 

 

Euskara alor sozio-ekonomikoan sustatzeko ekintza plana

 

Eusko Jaurlaritzatik beharrezko ikusten dugu modu sistematikoan eta eraginkorrean jarduteko bide emango diguten estrategiak kontsentsuatzea eta adostea. Horretarako, eragile sozioekonomiko eta laboral nagusiekin kontzertazioan jarduteko, abian jartzen ari gara ekintza-plan orokorra lan-munduan euskararen erabilera modu eraginkorrean sustatzeko.

 

Ekintza-plan horren baitan, besteak beste, erreferentzia-marko estandar batean oinarriturik, organizazioen errealitate, helburu, behar, baliabide eta borondateetara egokituriko erabilera-planak hedatzera helduko diogu; halaber, aholkularitza, laguntza teknikoa, baliabideak, erremintak eta material osagarriak eskainiko dira euskaraz ere lan egin ahal izateko.

 

Horretarako diru baliabideak ere areagotuko ditu Eusko Jaurlaritzak aurtengo urtean, euskararen erabilera planak koofinantzatzeko helburuarekin. 2006ko aurrekontuan nabarmen hazi da helburu horretara jarritako diru kopurua.  

 

Eusko Jaurlaritzatik azpimarratu nahi dugu kontzertazioaren eta kontsentsuaren bideak duen garrantzia euskararen erabilera areagotzeko politika aktiboaren arrakasta bermatzeko.

 

Euskarak dena du irabazteko elkar ulertzearen bidean eta, ostera, dena galtzeko konfrontazioaren bidean.