|
Dendarientzako ikastaroak eta Dendaketan ikasmaterialak aurkeztu ditu Donostian HABE erakundeak, ahalegin horretan ari diren dendari eta merkatariei lagundu nahian. Denda eta saltokietan lan egiten duen jendeari euskara ikasten laguntzeko berariaz diseinatu dira: lana euskaraz ere egiten eta zerbitzua euskaraz ere eskaintzen laguntzeko, alegia.
Euskarak gizartean merezi duen lekua izan dezan, materialak osatzen aritu da urteotan HABE erakundea hainbat jarduera-sektoretan lanean ari direnak euskaraz trebatzeko. Hala, ostalaritza, osasun, justizia eta hainbat esparrutarako berariaz landutako ikasmaterialak jarri izan ditu HABEk euskaltegien eta herritarren eskura. Oraingoan "merkataritzari egokitu zaio txanda", adierazi du prentsaurrekoan Joseba Erkizia HABEko zuzendariak. "Merezi izan duelakoan gaude, jendearekiko harreman handiko jarduera-esparrua baita".
Horren harira, Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako Sailburuordeak iragarri du bere Sailburuordetza lankidetza-hitzarmen bat prestatzen ari dela EAEko hiru hiriburuetako udalekin "euskararen erabilera merkataritza arloan bultzatzeko" zenbait proiekturen bitartez eta laister akordioa "sinatzeko moduan izango" direla.
Erkiziak nabarmendu du bezeroarekiko "harremana zaintzea" beti izan dela merkataritzan lan egiten dutenen "helburu nagusietako bat". "Bezeroari zerbitzu egokia eskaintzeko garaian, funtsezkoa da, jakina, salgaia kalitate onekoa izatea eta bezeroak eskaintzen zaiona gogokoa izatea". Produktu ona eskaintzeaz gainera, ordea -jarraitu du HABEko zuzendariak- dendariek gero eta gehiago zaintzen dute bezeroa "gustura egotea", erosi edo ez erosi, dendatik pozik irtetea. "Eta, gurea bezalako gizarte elebidun batean, hori lortzeko aldagaien artean garrantzi handikoa da hizkuntza bera". Izan ere, gaineratu du, "nabarmena da dendetara joaten den bezerian gero eta gehiago direla euskaraz normaltasun osoz atendituak izan nahi dutenak". "Eta nabaria da, era berean, dendariak herritarren nahi eta gogo horri erantzuteko egiten ari diren ahalegina".
Ikastaroen helburua eta iraupena
Dendariek euskara ikasteko lehendabiziko urratsak ematea du xedetzat material honek. Horrela, gai izango dira bezeroekiko oinarrizko ahozko harremanetan euskara erabiltzeko, eta dendetan egon ohi den ageriko informazioa (errotuluak, eskaintzak, abisuak…) sortzeko.
Zer ikasten da?
Oinarrizko komunikazioa izatea merkataritzako egoera arruntetan. Ahozko egoerak lantzen dira batez ere, baina oinarrizko idatziak (oharrak, errotuluak…) euskaraz idazten ikasiko dute ikasleek.
Hona hemen 60 orduko ikastaro hauetan lantzen diren zenbait gai eta egoera: kopuruak, zenbakiak, bezeroa agurtzen ikastea, bezeroari zer nahi duen galdetzea, bezeroak eskatzen duena ulertzea, telefonoa erantzutea, bezeroari produktuen inguruko informazioa ematea, aukeratzen laguntzea…
Ikastaro hauetako ikasleek ulermena garatuko dute batez ere. Bezeroek euskaraz egindako eskari errazak ulertzea da helburua, edota ulertzeko zailtasunak izatean ikaslea gai izan dadila bezeroari eskatzeko eskaria polikiago egiteko.
Ulermenerako, hiztegiaren ezagutza funtsezkoa da, eta horrexegatik eskaintzen zaio ikastaro hauetan garrantzi berezia merkataritzako hiztegiari. Hona hemen, adibide gisa, lantzen den hiztegia: agurtzeko moduak, denda motak, dendetako produktuak (etxetresna elektrikoak, elikagaiak...), dendetako atalak eta abar.
Horrez gain, eta Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiari jarraiki, sektorearen hizkuntza-paisaia euskalduntzeko, ikasleek dendetako errotuluak euskaraz egoki idazteko aholkuak jasoko dituzte: dendetako errotulu nagusiak, bisita-txartelak, eskaintzen diren produktuei buruzko txartelak, iragarkiak…
Nola dago osatua Dendaketan ikasmateriala?
Liburu bakarra da Dendaketan. Bertan sei unitate ditugu, eta denetara hirurogei bat orduko ikas-modulua osatzeko edukiak biltzen ditu. Liburuaren azken atalean glosategi bat dago, unitate guztietan agertutako lexikoa biltzen duena (euskara-gaztelania eta gaztelania-euskara), eta ikasleentzat oso erabilgarria izatea espero dugu.
Ikastaroen antolaketa udalen (euskara zerbitzuen bitartez) edo euskaltegien ekimenez izango da, eta urtearen edozein garaitan has daitezke.Taldean ikasteko aproposa bada ere, bakarka aritzeko ere ariketa ugari ditu. Baditu, gainera, dendetan jarri behar izaten diren hainbat mezu, errotulu nahiz ohar idazteko ereduak ere. Ikasmaterialetako elkarrizketak liburuari erantsita doan CDan jaso dira.
|