Gipuzkoako Museoak: Ama Xantalengo Ermita - Museoa


Helbidea:

Ermita kalea, z/g.

20304. Irun (GIPUZKOA)

Telefonoa:   943 - 64.92.00

Faxa:    943 - 64.92.07

E-mail:sac@irun.org

Ordutegia:

Asteartetan: 10.00etatik 12.00etara

Ostegunetan:  10.00etatik 12.00etara

Larunbatetan:  11.00etatik 13.00etara 

eta 16.00etatik 18.00etara

Igande eta jaiegunetan:  11.00etatik 13.00etara

Gidatutako bisitak: Aldez aurretik eskatu behar dira.

Sarrera: Doan.

 

 

989an fundatutako Ama Xantalengo Ermita Museoak erromatarren garaiko multzo arkeologiko garrantzitsua biltzen du bere baitara, eta multzo horrek Irunen, K.a. I. mendearen eta K.o. II. mendearen artean, Oiasso izeneko hiri bat zegoela adierazten digu, hiri garrantzitsua, Estrabon eta Plinio bezalako egile klasikoen testuetan aipatzen denez. Erromatarren garaiko esparrua da, nekropoli pagano batean kokatua. Goi Erdi Aroan Eliz kristau baten gisara aprobetxatzen eta egokitzen da.

 

Baskoiez populaturiko jatorrizko hirira erromatarrak iritsi ziren alde honetako galena zilardunezko meatze oparoak ustiatzeko xedean. Okupazio honek beste adierazpen-mota batzuk ekarri zituen berekin: ibai-portuaren eraikuntza, egungo Santiago kalean kokatua (portuko zurezko kaiak berreskuratu egin dira 1992. urtean hasitako interbentzio arkeologikoen ondorioz); terma batzuk, Junkaleko Eskola zaharren atzeko aldeko zoladurak erakusgarri (Junkaleko Eskola izanen da Bizkaiko Itsasoko Erromanizazioaren Museoaren etorkizuneko egoitza); ainguraleku bat, Higer lurmuturraren oinetan, kabotaje-nabigazioan babes-portu gisa erabilia, bertan aurkitu baitira hondoratutako untzi batzuen hondakinak; gisa berean, erromatarren egonaldiaren testigantza batzuk aurkitu ere dira eskualde osoan barrena, txanponak eta zeramikazko zatiak, besteak beste.

 

Ama Xantalengo Ermita-Museoa bi esparruz osatua da: batetik, aztarnategi arkeologikoa dago, eta bertan ikusgai daude 1971 eta 1972 bitartean ermitaren zorupean eginiko indusketetan aurkituriko gorpuak errausteko nekropoliaren arrastoak eta erromatarren garaiko esparrua. Hondakin hauek ermitako korutik ikus daitezke eta ikuskizunari laguntzeko argi eta hots-sistema bat egokitu da okupazioaren une desberdinak hobeto ulertzearren.

 

Beheko oinean Bidasoako eskualdean eginiko interbentzio arkeologikoetan aurkituriko material-hondakinak daude ikusgai. Hondakin hauen eta azalpenetarako panelen, mapen, maketen eta argazkien bidez, hurbildu egiten gara geure eskualdeko garai bateko biztanleen bizimoduetara. Meatzetan lan egiteko erak eta hileta-erritoak, garraioa, merkataritza eta eguneroko bizitzan erabiltzen ziren tresnak, hori guzti hori biltzen da esparru honetara.

 

Bizkaiko Itsasoko Erromanizazioaren Museoaren ateak zabaltzen ez diren artean, Gipuzkoako herrialdeko erromatarren garaiko hondakinen bilduma aberatsena eskaintzen du museo txiki honek. Gainera, halako balio erantsia baitu, espazio hau 2000 urtetik gora egon da gizakiak okupatua inolako etenik gabe, eta beti kontserbatu du bere izaera sakroa; hasiera batean hileta-esparruaren eta tenplu paganoaren funtzioak bete zituen eta, ondoren, egungo tenpluaren izen kristauak salatzen duen erabilera izan zuen (X. eta XI. mendeetakoak dira tenplu kristauari buruzko lehen aipamenak).

 

Museo honek ikus-entzunezko muntaia bat eskaintzen du Irungo eta eskualdeko iragan erromatarra hobeto ezagutzeko xedean. Halaber, gida-zerbitzu bat eskaintzen zaio bisitariari; gidari honek erabiltzaileei lagunduko die eta bere azalpenekin osatu egingo du erakusketan barrena egiten den bidea.

 

Gure ustez, orain artean azaldutako guztia aukera erakargarria da ikasleak, nola Lehen Hezkuntzako ikasleak hala Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleak, antzinako mundua era atsegin eta partehartzaile batez ikas dezan. Bidasoako eskualdeko erromatarren garaiko hondakinak oso garrantzitsuak dira, biztanle orori eta bereziki belaunaldi gazteenei transmititu beharreko ondare aparta. Ildo honetatik, komenigarria iruditu zaigu unitate didaktiko bi garatzea (artean prestakuntza-aldian gaude, baina amaitua edukiko ditugu epe laburrera), Lehen eta Bigarren hezkuntzako ikasleei era berezitu batean aurkezteko; unitate hauek aukera emango die nola ikasleei hala irakasleei bisitaldia museoz gaindi egiteko; izan ere, aldez aurretik ikasgelan bertan museoaren edukietara hurbiltzeko bidea izango dute, eta museoan izan ondoren, halako interesa eragin duten alderdiak landu ahal izango dira ikuspegi orokorragoa erdiesteko.

 

 
 
Aurkibidea Aurrekoa Hurrengoa
Azken eguneratzea: 2004/12/11