Betidanik, teknikarien prestakuntza federazioen esku egon da. Federazio bakoitzak egoki ikusten zituen ikastaroak eskaintzen zituen eta alde handiak zeuden, kirol batetik bestera, ordu-kopuru, helburu, sartzeko baldintza, ebaluazio, maila eta abarretan. Gainera, federazioek edo entrenatzaile eskolek sortutako araudiek arautzen zituzten irakaskuntza hauek, eta ez zuten inolako balio akademikorik; balio profesionalari dagokionez, berriz, federazio bakoitzak bere esparruan aitortzen ziena besterik ez zuten.
Denbora asko igaro da egoera hau aldatu zenetik. 1913/1997 Errege Dekretua, Abenduaren 19koa, hartuko dugu abiapuntutzat (Real Decreto 1913/1997, de 19 de diciembre, por el que se configuran como enseñanzas de régimen especial las conducentes a la obtención de titulaciones de técnicos deportivos, se aprueban las directrices generales de los títulos y de las correspondientes enseñanzas mínimas). Dekretu honen argitalpenak izan duen ondorio nagusia zera izan da, kirol teknikarien irakaskuntzak hezkuntza-sisteman sartu direla. Hau da, irakaskuntzok balio akademiko eta profesional osoa dutela. Ikasketa hauek berariazko lanbide heziketako heziketa-zikloen antzeko ezaugarriak dituzte egiturari (erdiko eta goiko mailak), sartzeko eskakizun eta titulazioari dagokienez.
Egun, 1913/1997 Errege Dekretua, beste berriago batengatik ordezkatua izan da: 1363/2007 Errege Dekretua, urriaren 24koa (Real Decreto 1363/2007, de 24 de octubre, por el que se establece la ordenación general de las enseñanzas deportivas de régimen especial). Egungo egoerara gehiago moldatzen da eta lehenengoaren xedeak mantentzen ditu, hots, kirol joko-molde guztientzat araubide bakarra izatea.
Titulu berri hauen ezarpena modalitate edo espezialitateka egin behar da, beraz, aipatu dugun 1363/2007 ED horretaz gain, modalitate bakoitzak bere tituluak arautu behar ditu. Gaur egun kirol hauei dagozkienak baino ez daude onartuta: mendia eta eskalada, neguko kirolak, futbola eta areto-futbola, atletismoa, eskubaloia, saskibaloia, espeleología, zaldiketa, bela, kirol urpekaritza, judo eta defentsa pertsonala, eta salbamendu eta sorospena.
Gainerako modalitate edo espezialitateak, beraien tituluei buruzko barariazko araudia onartzen ez den bitartean, abenduaren 7ko EDU/3186/2010 Aginduaren arabera erregulatuko dira (agindu horren bitartez arautzen dira curriculum-alderdiak, eskakizun orokorrak eta prestakuntzaren eragina). Ez dago jakiterik zein erritmotan onartuko diren gainerako modalitateen berariazko dekretuak, hezkuntza sistemara igarotzera eramaten dituztenak. Beste modalitate horiek kirol sisteman dauden bitartean, igaroaldiko agindu hori izango da oinarritzat hartu beharko duten araudia. Igaroaldiko prestakuntza ekintza horiek Eusko Jaurlaritzaren Kirol Zuzendaritzak, espainiar federazioek edo euskal federazioek sustatu edo antolatu ditzakete. Federakuntzen kasuan, betiere, Kirol Zuzendaritzaren baimenpean.