Bilbok Gizarte-Ekonomiari buruzko nazioarteko fororik garrantzitsuena hartuko du urriaren 1etik 3ra
Argitalpen-data:
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Laurence Kwark, Global Social Economy Forum-eko Idazkari Nagusiak hurrengo GSEF BILBAO 2018 aurkeztu dute gaur Bilboko Udaletxeko Arabiar Aretoan. Hain zuzen ere, gizarte-ekonomiari buruzko nazioarteko fororik garrantzitsuena da, eta Bizkaiko hiriburuan antolatuko da urriaren 1etik 3ra. GSEF (Global Social Economy Forum) foroaren aurreko edizioak Seul eta Montrealen egin dira, eta aurten izango da munduko foroa Europan egiten den lehenengo aldia.
“Gizarte-ekonomia eta hiriak. Tokiko garapen inklusiborako eta jasangarrirako balioak eta lehiakortasuna” izenburuarekin, gizarte-ekonomiako entitateek, erakundeetako ordezkariek eta alkateek parte hartuko dute GSEF BILBAO 2018 foroan. Bertan, pertsonak ardatz dituen gizarte inklusibo eta parekide baterantz aurrera egiten jarraitzeko bizipenak eta ikuspegiak partekatuko dituzte, kalitateko enplegua sortuz eta bidezko hazkundearen zein garapen jasangarriaren bitartez lortzeko asmoz.
Gizarte-ekonomiaren esparruko eta administrazio publikoko 1.000 profesional inguruk parte hartuko dute Kongresuen Euskalduna Jauregian antolatuko den nazioarteko foroan. Horrela, hiri-eremuetan gizarte-ekonomia garatzeko eta tokiko gobernuen eta gizarte-ekonomiako eragileen arteko lankidetzarekin zerikusia duten arazoak eta aukerak identifikatzeko mundu osoan aplikatu diren kooperazio-politika publikoen alorrean gauzatutako jardunbide egokiak partekatuko dituzte.