Arriola sailburuak Europar Batasuneko Ingurumeneko Ministroen Kontseiluan parte hartu du Bruselan

Argitalpen-data: 

Euskadik zuzenduko du seihileko honetan autonomia-erkidegoek Europar Batasuneko Ingurumeneko Ministroen Kontseiluan duten ordezkaritza Hori dela eta, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak Bruselan egin den Ministroen Kontseiluan hartu du parte. Kontseilu horretan, Europako Erkidegoak proposatutako ekonomia zirkularreko pakete berria eta erkidegoek horren inguruan adostu duten posizioa landu dira, besteak beste.

Ildo horretan, sailburuak adierazi du erkidegoen arteko adostasuna handia eta bizkorra izan dela; izan ere, “ekonomia zirkularra aurrerapen jasangarriaren faktore gisa garatzeko asmoa orokorra eta partekatua da, eta, gainera, trantsizio horretan eskualdeek protagonistak izan behar dutela uste dugu”. Kalkulatutakoaren arabera, baliabideen erabileran efizientziak % 1eko hobekuntza izango balu, Europar Batasuneko enpresek 23.000 milioi euro aurreztuko lituzkete, eta 200.000 enplegu sortu ahal izango lirateke.

Sailburuak Euskadik eta, zehazki, Ingurumen Sailak ekonomia zirkularrarekin, ekodiseinuarekin eta ekoberrikuntzarekin duen konpromisoa azpimarratu du. “Izan ere –adierazi du–, Euskal Industriaren Ekonomia Zirkularrari buruzko Diagnostikoa amaitu berri dugu, eta, bertan agerian utzi denez, Euskadiko industria-sektoreak 46,5 milioi tona lehengai kontsumitzen ditu urtean, eta hondakin guztien %  72 sortzen ditu (horietatik, % 42 zabortegira eramaten dira); bi alderdi horiek direla eta, euskal ekonomiak lehiakortasuna galtzen du”.

  

Informazio gehiago