La 3.ª edición de Geuretik Sortuak da su primer fruto: la colección de cómics "Zazpikiak bat"
Geuretik Sortuak proiektuaren hirugarren edizioa hasi da dagoeneko bere fruituak ematen. Gaur, Udalbiltzak Zazpikiak bat izeneko komiki bilduma aurkeztu du Donostian, bertan parte hartu duten komikigileetako batzuen presentziarekin. Uxue Bereziartua, Usue Egia, Patrizia Etxegarai "Hankabako", Asier Iturralde "Gaston", Eñaut Aiartzaguena, Eneritz Ibarra eta Amane Apalategi izan dira bilduma honi arima jarri dioten komikigileak. Bakoitzak herri edo herri multzo batean egin du egonaldia.
Geuretik Sortuak proiektuaren esentziari jarraiki, komikigile bakoitzak esleitu zitzaion herrian sormen egonaldia egin du urtean zehar, bertako istorioak entzun, ikusi eta biltzeko, sortzailearen eta herriaren arteko zubi bat eraikiz. Horrekin, zazpi ataleko lana osatu da azkenik, Zazpikiak bat izeneko komiki-bilduma. Udalbiltzako kultur teknikari Maria Osesek izenburuaren iturburua eta zergatia azaldu ditu gaur Donostian egindako aurkezpenean: "Zazpikiak: zazpi lurralde, zazpi anai-arreba izan daitezkeenak, edo zazpi hilabeterekin, behar baino lehen, jaio diren ernamuinak edo istorio laburrak dira hauek; etorkizunean, agian, garatu eta beste zerbait bilakatuko direnak".


