Katixa Dolhare-Zaldunbide: «En Iparralde no se puede decir que la poesía esté agonizando: como género literario escrito no goza de buena salud, pero se mantiene a través de otras formas»
- Irailekoak poesia-jaialdiaren bigarren aldia hitzaldi mamitsu batekin estreinatu da: Katixa Dolhare-Zaldunbide Ipar Euskal Herriko poesiaren argiak eta itzalak aztertu ditu, 1940tik hasi eta gaurdaino. Iparraldeko poesiaren norabidea marraztu du irakasleak, ohar deigarri eta interesgarriak erantsiz bere lanari
Irailekoak poesia-jaialdiak bere lehen jardunaldia bete du gaur, Itsasun. Estreinako ekitaldian, Mizel Hiribarren Itsasuko auzapeza eta Andres Urrutia euskaltzainburua izan dira; beraiek egin diote ongi etorria Sanoki gelan bildu den jende oldeari. Ondoren, hitzaldi interesgarria eman du Katixa Dolhare-Zaldunbide irakasleak. Bertan, Ipar Euskal Herriko poesiaren nondik norakoak aztertu ditu, datu deigarriak eskainiz. Hori bai, ohar garrantzitsu batzuk egin ditu aurretik, lanaren nolakotasunari buruzkoak: «Zonbait orrialdez Ipar Euskal Herrian azken laurogeita bost urteetan hazi den poesiaren azterketa sakonik osatu ezinean, panorama orokor bat bederen aurkeztuko dugu, olerkari nagusi zein ezezagunak erakarriz, eta haien lanaz bi hitz erranez». Ezintasun edo muga horien adibide garbia jarri du irakasleak hasi aurretik, hain zuzen, Itxaro Borda poeta, idazle eta euskaltzain osoaren lana alde batera uztearena: «Nahitara ez dut hemen aipatuko Itxaro Bordaren obra: hau dugu poeta emankorretan emankorrena: lumatik jalgitzen zaizkio olerkiak, ura iturritik bezala. Baratzea ez, lurralde oso bat sortu du, bere argi eta iluntasunekin, bere azal eta sakontasunarekin, gainerateko lorediak itzalean bezala utziz (...). Itxaro Bordaren obra duinki aztertzeko, bizpahiru tesi beharko lirateke eta ez zonbait paragrafo, hemen gehienik eskaini nezakeen (baina eskainiko ez dudan) bezala».
Bestelako argibide bat ere eman du hitzaldia hasi aurretik, hain zuzen, ez duela «hierarkia epaitzailerik» adierazi nahi produkzio handiko eta txikiko poeten artean, ezagun eta ez hain ezagunen artean: «Ene xedea izanen da, besterik gabe, azaltzea Iparraldeko olerkariak zoin diren gure aro garaikidean, zer nolako testuak idatzi dituzten, zoin leku duten Iparraldeko literaturan eta jendearen oroimenean».
Honela, multzoka aipatu ditu olerkariak, bakoitzaren berezitasunak nabarmenduz. Lehenik klasikoak («poesia-zaleen apalategietan, bihotzean, memorian, ezpainetan daudenak»), ondotik, maila txiki edo handiagoan «Iparraldeko poesiaren osaketan parte hartzen dutenak».


