Iker Alvarez: «Para mí, la traducción es la forma más profunda de lectura»
Egia eta itxurakeria. Azala eta mamia. Bizitza eta heriotza. Sentimenduak eta performancea. Maskara eta haren azpiko aurpegia. Bitasun horren baitan garatzen da Yukio Mishima idazle japoniarraren eleberri autobiografikoa: Maskara baten aitortza. Eleberriak oinarritzat du gazte baten loratze sexuala, eta bertan, gorputzaren, desiraren eta sexualitatearen inguruko kezkak azaltzen dira, Mishimaren estilo sotilaz.
Igela argitaletxeak pasa den ekainean argitaratu zuen nobela, Iker Alvarez itzultzaileak (Iruñea, 1991) euskarara ekarrita. Alvarezek bideodei bidez egin behar izan zituen aurkezpenak, bost urte baitaramatza Japonian bizitzen. «Argi izan zuen hona etortzea zela nire bidea».
Nola sortu zen Mishimaren lanik ezagunena euskarara ekartzeko proiektua? Argitaletxearen proposamena izan zen?
Ez, nire kabuz hasi nintzen itzultzen. Mishimaren Kinkakuji (Urrezko pabilioia) eleberriaren itzulpen batek liluratu ninduen aspaldi, eta neure burua japonieraz irakurtzeko gai ikusi nuenean, haren lehenbiziko nobela luzea den hau –Maskara baten aitortza– irakurtzen hasi nintzen. Ia pentsatu gabe ekin nion itzultzeari. Ez dakit honetan aritzen garenon joera ote den, baina niretzat, behintzat, itzulpena irakurketa modurik sakonena da, eta eleberri honek duen zerbaitek mota horretako irakurketa egitea eskatzen zidan. Ez zait sobera gustatzen epemugekin lan egitea, beraz, lehenbiziko itzulpena amaitutakoan hasi nintzen argitaletxeekin hizketan.


