Paul Urkijo presenta la película "Errementari" en los cines Florida

  • Paul Urkijo presenta la película

Zinemagile gasteiztarraren filma proiektatu ostean, sortzailearekin hitz egiteko tartea egongo da. Sarrerak 2 euro balio ditu, eta zinema aretoaren leihatilan zein online eskuratu daiteke.

GEU Elkarteak antolatutako Zinez – Helduentzako euskarazko filmen zikloaren baitan, Paul Urkijok bere opera prima aurkeztuko du bihar (urriak 26), Gasteizko Florida Zinemak aretoetan. Saioa 19:00etan hasiko da, eta Patxi errementaria, gaiztoa kondairan ardaztutako Errementari pantailaratu ostean, zinemagile gasteiztarrak hitza hartuko du.

10 urte pasatu dira 1833ko lehenengo Gerra Karlistatik. Alfredo izeneko Diputazioko komisario bat Arabako herrixka batean jazotako gertakari bat ikertzen ari da, eta arrastoek basoaren sakonean dagoen errementeria beldurgarri batera eramango dute. Bertan, errementari arriskutsu eta bakarti bat bizi da: Patxi.

Inguruko herritarrek hari buruzko istorio ilunak kontatzen dituzte, lapurreta, hilketa eta demonioekin egindako tratuei buruzkoak. Egun batean, Usue izeneko neskatxa batek errementeria misteriotsuan sartzea lortuko du, eta agerian utziko du Patxi Errementariak ezkutatzen duen egia izugarria.

2017ko Sitgesko Fantasiazko Zinemaldian aurkeztu zuen filma estreinakoz, eta 2018ko martxoaren 2an estreinatu zuten zinema aretoetan. Horrez gain, Donostiako Beldurrezko eta Fantasiazko Zinemaren Astean ere aurkeztu zuten, eta Publikoaren Saria eskuratu zuen bertan. Fantasiazko eta beldurrezko generoak uztartzen ditu filmak, eta Kandido Uranga, Ramon Agirre, Eneko Sagardoy eta Uma Bracaglia ditu protagonista.

Euskarazko zinema aldarri

Urte bukaera bitartean luzatuko den zikloko lehen emanaldia da Errementari-rena. Izan ere, azaroaren 23an Dardara (Marina Lameiro, 2021), eta abenduaren 14an Soinujolearen semea (Fernando Bernués, 2018) ere pantailaratuko dituzte, GEU Elkartearen ekimenez. “Euskarazko produktuen produkzioan eta kontsumoan eragiteko asmoz” antolatu dute zikloa, euskal kultura sustatzeko, hizkuntza aktibatzeko eta eremu ez-formal batean ohituretan eragiteko.

Arduradunek adierazi dutenez, gainera, “pandemiak zinema aretoen gainbehera ekarri zuen, baina azkenaldian berpizkunde polit bat ikusi da”. Hala, “aproposa eta interesgarria” ikusi dute “euskarazko filmak fokuan jartzea”.

zinea.eus

  • Fecha26 de Octubre
  • Temática Audiovisual