La película 'Handia' se emite hoy en ETB1
Handia pelikula eskainiko du gaur iluntzean, 22:30etatik aurrera, Euskal Telebistaren euskarazko kateak. Altzoko Handiaren istorioa du oinarri, eta euskaraz inoiz egindako pelikularik ikusiena izan da.
Lehen Karlistaldian borrokatu ostean, Martin (Joseba Usabiaga) Gipuzkoako bere familiaren baserrira itzuliko da, eta harrituta geratuko da Joakin anaia (Eneko Sagardoy) ohi baino askoz handiago dagoela ikusita. Mundu osoak Lurreko gizon handiena ikusteko ordaindu nahi izango duelakoan, bi anaiek bidaia luze bati ekingo diote Europan zehar. Bidean, handinahiak, diruak eta ospeak betiko aldatuko dute familiaren patua.
Benetako gertakarietan oinarritutako istorioa jaso zuen 2017ko urrian Jon Garaño eta Aitor Arregi Moriartitarrek aurkeztutako Handia filmak. 25.354 ikusle izan zituen filma zinemetan estreinatu zen lehen asteburuan, eta Estatu espainiarreko film ikusienen zerrendan hamargarren postuan kokatu zen. Nazioarteko jaialdi ugarietan parte hartutakoa da, hamarnaka sari (tartean, Donostia Zinemaldian, Goya edo Feroz sariketan) jasotakoa eta mundu mailako arrakasta pilatutakoa. Izan ere, 92 kopiarekin zabaldu zuten mundura, eta hainbat herrialdetako telebista nazionaletan zein NETFLIX plataforman ere izan da ikusgai.
Eneko Sagardoy, Joseba Usabiaga, Iñigo Aranburu, Ramon Agirre eta Aia Kruse dira lanaren protagonistak eta, arestian aipatu bezala, Moriarti ekoiztetxe donostiarraren sinadura berezia du lanak. Ikusi Maialen Goñik filmaz idatzitakoak, hemen.
Gaur, otsailaren 28an, 22:30etatik aurrera izango da ikusgai Euskal Telebistaren euskarazko katean.


