Maddi Ane Txoperena: «Yo también sufrí abuso sexual en mi infancia»
- Fecha18 de Marzo
- Temática Literatura
Lehen nobela arrakastatsu baten ondoren bigarrena kaleratu berri du Maddi Ane Txoperenak, Ez erran inori, Igartza bekaren laguntzaz idatzia eta sexu abusuen gai minbera sentiberatasunez lantzen asmatzen duena.
Zergatik aukeratu duzu gai hau?
Haurtzaroan sexu abusu bat bizitakoa naiz ni ere, eta gaiarekiko obsesio moduko bat izan dut urteetan: anitz irakurri dut gaiaz, tailer batzuetan ibili naiz, eta halako bizipenak izan dituztenekin konpartitu dut nirea, bertzeak bertze. Liburua idaztea niri eta bertze anitzi pairarazi digutena ulertzeko bertze modu bat izan da. Idazketak eta fikzioak laguntzen dute horretan.
Nobelan kontatzen dituzunak zenbateraino dira zure esperientzian oinarrituak, ze neurritan asmatuak?
Gertakariak eta pertsonaiak asmatuak dira: istorioa bera, funtsean. Nire bizipenetatik urruntzeko balio izan dit dokumentazio lanak, eta nahita kokatu dut istorioa nirea ez den ingurune batean ere. Gero, halere, hurbiletik ezagutzen dudan zerbait denez, idazterakoan anitz konektatu dut nire emozio propioekin.


