El documental "Caminho Longe" puede verse en Filmin
- Fecha23 de Febrero
- Temática Audiovisual
Josu Martinezek eta Txaber Larreategik zuzendutako Caminho Longe (2020) dokumentala Filmin streaming plataforman dago ikusgai. Ekoizpenak Alfonso Etxegarai etakide ohiaren Euskadirako itzulera du oinarri, hiru hamarkadaz Afrikako Santo Tomé eta Príncipe uharteetan erbesteratuta egon ostean.
Alfonso Etxegarai Atxirikak (Plentzia, 1958) bizitzaren erdia baino gehiago eman du Sao Tome eta Principe irla txikian. 1985ean Frantziak deportatu zuen eta Espainiako agintariek Ekuadorrera bidali zuten. Bertan, torturatu zuten eta geroago Sao Tomera bidali. Linbo legal batean igaro zituen urte asko, pasaporterik eta bisarik gabe. Kristiane Etxaluz izan du ondoan, hanka bat Euskal Herrian eta bestea Sao Tomen, nekaezin, Alfonso herrira ekarri edo herria Alfonsorengana eramateko jardunean.
Bikoteak bizi zuen egoeraren berri eman zuten duela hamar urte Josu Martinezek eta Txaber Larreategik Sagarren denbora (2010) dokumentalean, eta etxeratze prozesua jasotzea zuten xede. Bada, bueltako bideari ekin ziotela jakinarazi zuten 2019ko irailean Etxegarai eta Etxaluzek, eta bidaia horren jarraipena egin dute Caminho longe lanean. Martinez eta Larreategi aritu dira zuzendari lanetan, Hibai Castro Egiak filmatu du eta Adabaki Ekoizpenak taldeak ekoiztu, IPES, Gastibeltza Filmak eta Zinez eragileen laguntzarekin.
Filmak 2020ko Donostia Zinemaldian hartu zuen parte, eta 2021 urte hasieran heldu zen Hego Euskal Herriko zinema aretoetara. Ekainean, ostera, Miarritzeko FIPADOC Dokumentalen Nazioarteko Jaialdi entzutetsuan bistaratu zuten, eta hilaren 18, Ipar Euskal Herriko zinema aretoetan estreinatu zuten. Orain, Filmin online plataforman dago ikusgai.
Irakurri filmaren kritika, hemen.


