"Tipularen sehaska kanta" se estrenará el 3 de febrero
- Fecha17 de Enero
- Temática Audiovisual
Lander Garro sortzailearen Tipularen sehaska kanta dokumental berria otsailaren 3an estreinatuko da Donostiako Antzoki Zaharrean, 19:00etan. Sare Herritarrak eta Gastibetza Filmak ekoiztetxeak sustatutako proiektua da, crowdfunding kanpaina bidez finantzatutakoa. Lanak espetxean gaixotasunak suposatzen duen samina azalera ekarri nahi du.
“Diagnostiko bat egiteko edo tratamendu bat izateko medikuarengana joatea gauza arrunta da kanpoko munduan. Baina preso den ororentzat bide oso zaila edo ezinezkoa da” hitzekin aurkeztu du proiektua Garrok. Dokumentalaren izenburua Miguel Hernandez poeta espainiarraren Nana de la cebolla olerkitik dator, eta analogia historikoa eginez, osasun eskubiderik ez duten presoen indefentsioa emozioen ikuspegitik esploratzeko asmoa du sortzaileak. Horretarako, kartzelan gaixo egondakoen esperientzia jaso du, baita haien senideek bizitakoa ere. Film politikoa baino gehiago film artistikoa da Tipularen sehaska kanta, lehen pertsonan eta hesteetatik kontatua.
Giza Eskubideen alde dauden norbanakoak saretzeko bokazioa duen Sare Herritarra eta Gastibeltza Filmak Senpereko ekoiztetxea dira proiektuaren sustatzaileak, eta 2021eko ekainean Verkami plataforma bidez abiatutako crowdfunding kanpaina erabili dute finantzatzeko eta 18.090 euro bildu dituzte. Jasotako diruarekin, hain zuzen, dokumentalaren ekoizpen, edizio, itzulpen eta banaketa gastuak estaltzea izan dute helburu.
Garrok Durangoko Azokako Irudienea gunean aurkeztu zuen 2021ean Tipularen sehaska kanta dokumentala, eta otsailaren 3an Donostiako Antzoki Zaharrean estreinatuko du, 19:00etan. Hurrengo egunetan ere, emanaldiak izango dituztela aurreratu du Sare Herritarrak:
- Otsailaren 4an: Urruñan, Itsas Mendi Aretoan
- Otsailaren 9an: Elorrion, Arriola Kultur Aretoan (19:00etan)
- Otsailaren 16an: Bergaran, Seminarixoan (20:00etan)
- Martxoaren 9an, Hernanin, Biterri Kultur Gunean (19:00etan)


