Izaro presenta la canción compuesta para la película 'Nora'
- Fecha7 de Julio
- Temática Audiovisual
Lara Izagirreren Nora bigarren film luzea datorren irailaren 3an estreinatuko dute Euskal Herri osoko zinema areto komertzialetan, eta Izaro musikari eta abeslari bizkaitarrak filmarentzat osatutako kanta eta haren bideoklipa aurkeztu dituzte asteburuan, Lekeition eskainitako kontzertuan. Filmak 68. Donostia Zinemaldiko Zinemira sailean ikusi zuen argia iaz.
Ane Pikazak antzeztutako Norak Euskal Herriko kostatik egingo du bidaia zendu berri den aitona argentinarraren errautsak amonarenen albora, Ziburuko hilerrira, eramateko. Aitonarena zen Citroën Dyane 6 batean egingo duen bidaia fisikoaz gain, barne bidaia emozionala ere egingo du gazteak, eta doluaz, bilaketaz eta aske izateko, hazteko, zauriak ixteko eta azkenik, zoriontsu izateko aukeraz hausnartuko du, Izaro abeslariak filmarentzako sortutako kanta homonimoak bezalaxe.
Ikus-entzunezkoaren soinu bandan entzun daitezke sortzaile bizkaitarrak proiektuarentzat prestatu zituen doinuak, eta iragan asteburuan Lekeition eskainitako Limones en invierno birako kontzertuan aurkeztu zuen abestia Izarok, esklusiban, bideokliparekin batera. Biak ala biak online entzun eta ikusgai daude jada.
Filma iazko Donostia Zinemaldiko Zinemira sailean estreinatu zuten, eta datorren irailaren 3an Euskal Herri osoko zinema aretoetan izango da ikusgai Sherlock Films banatzailearen eskutik. Horren aurretik, dena den, Getxoko Autozinean egingo dute aurrestreinaldia abuztuaren 27an.
Pikazarekin batera hartu dute parte road movie formatuko draman Hector Alterio, Ramon Barea, Klara Badiola, Naiara Carmona, Itziar Ituño, Iñigo Aranbarri, Loli Astoreka eta Joseba Usabiaga aktoreek, tartean, eta Izagirreren Gariza Films ekoiztetxearekin elkarlanean aritu dira Tandem Films eta La Fidèle Productions etxeak ere. 2019ko udan egin zuten errodajea, eta lanaren lehen irudiak Durangoko Azokan aurkeztu zituzten.


