La compañía Axut vuelve a representar la obra 'Amua'
- Fecha12 de Mayo
- Temática Artes escénicas
Axut konpainia 'Amua' obra antzezten hasiko da berriz ere. Maitasuna abiapuntu gisa hartuz, eredu tradizionalaz gogoeta bultzatzea dute xede. Emanaldiez gain, material pedagogikoa ere prest dute
Zer da maitasuna? Zer da maitatzea? Sentimendua baizik ote da? Ekintza? Printze-printzesen ipuin klasikoetako errepresentazio sinplea hori dea? Bukaera uros estatiko dua? Erromantikoa dea? Sedukzioak badua maitasunik? Behar dea maitasunik? Bat eta bakarra dea? Axut antzerki konpainiaren Amua obrak harrotzen ditu galdera horiek oro eta haboro. Pandemiak obraren bira hilabete luzez gibelatu ondotik, Ipar Euskal Herrian lehen aldiz emanen dute publikoki, Ziburun (Lapurdi), maiatzaren 21ean, 19:00etan.
Ana, Txolarre eta Aitor elkartuko dira Iratiko etxola batean. Lehenaren maitale izandakoak dira biak, eta ez dute batak bertzearen etorreraren berririk. Hiruren arteko eztabaida mamitsuek beteko dute taula gaina, maitasunaz galdezka, filosofiaz beterik, gogoeta pizle. Maite Larburuk Anaren rola betetzen du; Ximun eta Manex Fuchsek, berriz, Aitorrena eta Txolarrerena.
Komedia sentimental politikoa jarri diote azpititulua; hiru hitzak bateragarriak direa? «Politika eta sentimendua lotzea ez da hain ohikoa, nahiz eta agerikoa izan elkarri eragiten diotela, eta norabide bikoitzean, gainera. Pandemia garai latz hauetan argiki ikusi da zenbat eragiten digun erabaki politiko batek», argitu du Ximun Fuchs Amua obraren zuzendari, idazle eta antzezleak.


