Imanol Lazkano: "Creo que para ser un buen bertsolari es fundamental emborracharse con el verso"
- Fecha10 de Mayo
- Temática Artes escénicas
Imanol Lazkano (Azpeitia, 1936) bertsolari ohiak 50 urte baino gehiagoko ibilbidea egin du bertsolaritzan eta bere ibileren inguruan hitz egin du egunkari honekin
Baserrian jaioa da Lazkano "zorionez", eta hori izan da bertsolaritzaren munduan murgiltzeko giltzarri nagusia. Ama eta amona bertsotan entzuten zituen etxean eta bera ere txikitatik hasi zen errimak osatzeko hizkuntza lantzen. Geroztik, 50 urte baino gehiagoko ibilbidea egin du bertsotan eta belaunaldi desberdinetako bertsolariekin oholtza partekatzeko aukerarik ez zaio falta izan. Asteartean Donostian ospatzen ari diren Bilintxen oroimenezko hamabostaldiaren baitan hitzaldi bat eskainiko du 19.00etan Victoria Eugeniako Club aretoan eta garai bateko eta gaur egungo bertsolaritzaren inguruko analisia egingo du bertan.
50 urte baino gehiagoko ibilbidea egin duzu bertsolaritzan. Nola deskribatuko zenuke ibilbide hori?
—Txiki-txikitatik biziatu nintzen bertsolaritzan, izan ere, Azpeitia dezente herri bertsozalea izan baita beti. Zorionez, baserriko semea naiz eta garai hartan baserri munduan bertso-paper asko irakurri eta kantatzen ziren. Gure denboran bertsolari guztiak baserritarrak ziren eta asko analfabetoak, gainera. Ni neu hamalau urtera arte eskolan ibili nintzen Maristetan, eta bertsotan hasi nintzenean eskolatuena sentitzen nintzen ia. Garai hartan erlijioak indar izugarria zuen eta elizara joan behar izaten genuen, bestela bekatua baitzen. Elizako sermoiei nik askotan ez nien arreta gehiegi jartzen, baina nola esaten zuten eta euskara nola erabiltzen zuten, hori interesatzen zitzaidan. Hortik joan nintzen pixkanaka hizkuntza lantzen eta hizkun-tzaz janzten. Nire ibilbidean zehar 3.000 saio inguru egingo nituen eta hotz-hotzean pentsatzen hasita lotsa eta ikara ematen dit: zenbat bertso txar kantatu ote ditugu hainbeste saiotan? Baina badirudi herriak denak barkatu dizkigula berriz aukerak eman zizkigulako.
Noiz eta nola hasi zinen bertsotan?
—Nik txikitatik bertsoak inork baino errazago ikasten nituen. Santo Tomasetan bertsolari onenak ekar-tzen zituzten urtero herrira eta askotan lagunek ez zidaten jarraitzen, baina ni plazara joaten nintzen haiek entzutera. Gehienetan, etxera joandakoan gurasoei kanta-tzen nizkien bertan entzun eta buruz ikasi nituen bertsoak. Bertsolari izan behar duenak derrigorrez gertatzen diren gauzen inguruko informazioa izan behar du herriari hitz egiteko.
Txirrita hil zen urte berean jaio zinen eta harekin bertsotan aritu den jendearekin ibili zara zu ere bertsotan.
—Bai, Txirrita hil zenean hiru edo lau hilabete izango nituen nik. Besteak beste, Basarri, Uztapide, Zepai eta Txapelekin kantatzeko zortea izan dut. Ikaragarria da hori, nire idoloak baitziren. Haiek egin ziguten harrera oso ona izan zen eta haien lagun sentitzea niretzako ohore bat zen. Egia esan, kezka neukan haiengana joan eta egurtu egingo ote ginduten, baina lagun-giro ederra sortu zen gure artean eta hori niretzat amestu ezin nezakeen gauza bat zen garai hartan.


