Asisko Urmeneta: "La lectura política de la Inquisición ha sido negada en Euskal Herria"
- Fecha15 de Marzo
- Temática Artes visuales
Asisko Urmenetak Inkisizioaren itzaletan murgiltzen den 'Sugarren mende' azken lana aurkeztu du, "masakre kolektibo" baten ikuspegi zabala eskainiz
Sorginkeria, Inkisizioa... Maiz landu izanagatik ere, agor-tzen ez diren gaiak dira. Ez direlako ongi kontatu, akaso?
–Gaiak beti pizten du jakinmina, besteak beste, sekula ez delako tratatua izan bere osotasunean. Pasioak pizten dituen gai bat da, azken aldian ikertua izaten ari dena ikuspegi desberdinetatik, bai feminismotik, bai sozio-ekonomiaren ikuspegitik ere... Gai kontrobertitua da. Gainera, oso gauza berezia da, sorginkeriaren sekta sataniko-kolektiboaren inguruan ari garenean, ez garelako Erdi Aro urrun eta superstizioso hartaz ari, Aro Modernoaz baizik. Barroko beteaz ari gara. Aro Modernoan izandako halako masakre kolektibo batek ertz aunitz dauzka, eta ertz guzti horietatik tiratuz ikuspegi globalago bat eman diezaiokegu.
Sorgin-ehizaren kapitulua superstizio eta sineskeriarekin lotu izan da eta, akaso hargatik, ez da sakonki ikertua izan ikuspegi historikotik, ikuspegi politikotik. Baina sineskeria kontu bat baino askoz ere gehiago izan zen, ezta?
–Beti ari gara bueltaka inkisidoreek idatzi zutenaren inguruan, alde horretatik. Baita ikonografia berbera behin eta berriz errepikatzen ere. Nire ustez, galdera ez da zer egiten zuten elkartzen ziren herritar horiek. Niretzat, anomalia Espainiako inkisidorearen presentzia bera da, edo Bordeleko tribunaleko epaileen koordinazioa suntsiketa betean, jendea epaitu eta torturatzen. Argia hor eman behar da. Askotan, De Lancre bezalako pertsonaia batekin, karikatura bat egiten da. Baina mekanismo oso bat zegoen, ikaragarri ongi antolatua zena. Espainiako koroaren ministerio bat zen Inkisizioa, bere inteligentzia zerbitzua eta bere legedia zeukana.
Euskal Herrian bakarrik ez, eta Europa osoan eman zen prozesu bat izan zen, feudalismotik kapitalismora emandako haustura isla-tzen duena. Irakurketa desberdin bat dauka gurean kokatzen dugunean?
–Horretatik ere bada, egiaren parte handi bat da. Kasu hori argi eta garbi ikusten da Urtubiako jaunarekin, Senpereko jaunarekin, Araizko prozesuan... Momentu hartan, jaun aristokrata horiek errepresioa egiten zuten beren kontra altxatzen ziren herritarren aurka. Jaun feudal horiek ziren beaumondarrak edo oinaztarrak, Lapurdiko kasuan. Jaun horiek botere inperial bat zeukaten gibelean: dena ulertu beharra da konkistaren logikaren barrenean. Nafarroa konkistatua izan zen eta Espainiaren agenteak ziren horiek, aldi berean, jaun feudalak ziren. Euren boterea erabatekoa zen. Europa guztian ematen ari zen zanpaketa eman zen hemen ere, baina konkistaren logikaren barrenean. Nafarroan, biltzarrak eta foruek komunitatea eta herritarrak babesten zituzten. Indar hori deuseztatzeko zer asmatu zuten? Ohiko legedia gaindituko zuen sistema bat, masakreak ahalbidetuko zituena.


