Luis Garde: "En la ficción tenemos una forma de investigar nuestro mundo"
- Fecha16 de Febrero
- Temática Literatura
Poesia du adierazpide nagusi, baina duela sei urte nobelarekin estreinatu zen, eta gustua hartzen ari zaio. Luis Gardek (Iruñea, 1961) iaz eman zuen bigarren eleberria, Aireportuko musika (Pamiela): gertuko etorkizunean kokatuta dago, eta nafar politikari eskuindar erregionalista baten bahiketa du abiapuntu. Protagonistak jazoerari lotutako dokumentu sorta bat jasoko du, eta horietatik tiraka garatuko da istorioa. Liburua bere bidea egiten ari delarik, Gardek poemak idazten jarraitzen du, baina iragarpen bat egin du: piztu zaio hirugarren nobelari ekiteko txinparta.
Zerk sortu zizun istorioa etorkizun hurbilean kokatzeko grina?
Nobela gehienak iraganean kokatuak izaten dira, eta nik beti galdetzen nion neure buruari zer gertatuko litzatekeen etorkizunean kokatuz gero. Eta hala egin dut: zientzia fikzioa izan gabe, etorkizun hurbilean gertatzen da, 2027tik 2029ra, eta izan liteke heldu den urtean. Lehenengo nobelan [Ehiztariaren isilaldia (Pamiela)] memoria historikoa jorratu nuen, [1936ko] gerrako gertakari batekin, nahiko hurbila hori ere. Ez da nobela historiko bat, gaur egunera iristen delako, eta gertakariek bizirik dirautelako.
Zer ematen dizu errealitateari fikziotik begiratzeak?
Errealitate gordina, berez, edozein fikzio baino aberatsagoa da, baita fantastikoagoa ere, eroagoa ez esateagatik. Beti pentsatzen dut imajina dezakegun edozein istorio jada gertatu dela, guk horren berri izan zein ez. Beraz, ezin da gauza askorik asmatu. Baliotsuena ez da argumentuaren originaltasuna, istorioa lantzeko modua baizik; egilearen begirada. Fikzioan dugulako gure mundua ikertzeko era bat, errealitatea geure buruari azaltzeko saio bat. Nik hori egiten dut, nonbait, poesiaren idazketarekin. Mundu berriak asmatzea? Ez, nahikoa dugu oraindik ezagutzen ez dugun honekin, gero eta arraroagoa bihurtzen ari zaiguna, gainera.


