Cómic para dar a conocer quién fue la reina de Navarra Catalina de Foix
- Fecha4 de Febrero
- Temática Artes visuales, Literatura, Patrimonio, Otros
Katalina Foixekoa Nafarroako erregina Euskal Herriko historian pertsonaia nagusietako bat da. Erdi Aroko erresuma bat hartu eta Errenazimendura eraman zuen. Halere, ez da ezaguna. Pertsonaia nor zen zabaltzeko asmoarekin komikiaren formatua hautatu du Nabarraldek.
Joseba Asiron Iruñeko alkate zenean etorbide bati (ordura arte Armadaren etorbidea zenari) Katalina Foixekoaren izena jarri zionean polemika piztu zen. Erregina bati kale baten izena jartzea egoki zenik zalantzan jarri zuten batzuk. Gaztelak zuzendutako Nafarroako Erresumaren konkista pairatu zuen erreginaren izaera eta figura bera ezezagunak zirela ikusi zuten Nabarraldeko kideek. Katalina Foixekoa nor izan zen hedatzeko behar horretan komiki formatua hautatu dute Nabarraldeko kideek. Angel Rekaldek (Asironen laguntzarekin) egin du gidoia eta Ainara Azpiazu ‘Axpi’ izan da ideia marrazkietara pasa duena.
«Pasarte bat hautatu dugu, pertsonaia aurkezteko. Ezagutza falta bat zegoela ikusi genuen eta zerbait ateratzea ideia ona zela uste genuen», azaltzen dio NAIZi Rekaldek.
Joan den urtean lau mende bete ziren 1620an Frantziako eta Nafarroako koroak errege berdinean batu ziren eta geratzen zen burujabetza desagertu zen. «Hori ere ez da batere ezaguna, baina mendeurrenarekin aprobetxatu genuen hori jorratzeko. Konturatu giren Iparraldean Errenazimendu oso aberatsa izen zela. Eta oso interesantea. Eta batez ere egon zirela hiru emakume, hiru erregina, Katalina Foixekoa, Margarita Angulemakoa eta Joana Albretekoa, Errenazimendu horretan», azaltzen du Rekaldek.
Prozesu guzti horren abiapuntuan Katalina Foixekoa dago. «Oinordeko bezala Erdi Aroko erresuma hartu zuen. Izurriteak, gerra, miseria, ... Oso atzeratuta eta pobretuta zegoen erresuma zen. 34 urte edo egon zen erregina bezala eta egoerari buelta eman zion eta Estatu berri bat sortu zuen, aurreratua», dio.


