Fran Urias y Zuriñe Hidalgo: "Debido a la situación no hemos podido dar el fin deseado a Hesian"
- Fecha25 de Enero
- Temática Música
15 urte eta zortzi diskoren ostean, Hesianek agur esan du. Horrelako erabaki bat nola hartzen den kontatzeaz gain, urte hauetako ibilbideari errepasoa egin diote taldeko bi aurpegi ezagunenek, bizitako une gozo eta gaziekin edo bidean ikasitakoak gogora ekarriz eta esker mezuak banatuz.
Kontua galduta. Horrela jaitsi ziren Bilboko Santana aretoko agertokitik Hesian taldeko kideak iragan urtarrilaren 9an. Bazekiten talde gisa oholtza bat zapalduko zuten azken aldia zela hura. Zenbatetan igo diren agertokira dagoeneko ez dakite. Baina hori zen azkena. Bi aste igaro dira eta, nahiz eta erabakia «aspaldi» hartuta zegoen, salto hau barneratzeko ere balio izan die denbora honek.
Fran Urias etxarriarra taldearen sortzaileetako bat da. Ahotsa, gitarra eta arima. Guztiak urratu ditu abesti eta kontzertuen bidez. Eta taldearen arima hori ere berpiztu zuen Zuriñe Hidalgok 2010 amaieran taldean lur hartu zuenean. Hesian «irakaskuntza» bat izan da abeslari nafarrarentzat, «ahalduntze prozesua» ere bai, «oraindik gizonezko askoz gehiago dagoen mundu batean».
Sortzaile gisa adierazteko behar horrek bultzatu zuen Hesian 2006an Etxarri Aranatzeko gaztetxean lehen kontzertua eskaintzera. 15 urteren ostean, Hesian ez, baina sortzaile izaera hori mantentzen dute. Beraz, etorkizunean ere izanen dute zer kontatu eta zer kantatu.
Egun batzuk igaro dira Hesianen agurra iragarri zenutenetik. Nola zaudete?
Fran Urias: Ni ongi, lasai. Egia esan, aspaldi hartutako erabakia da, ongi hausnartutakoa eta asko landutakoa. Ondoren etorri da iragarpena eta horrekin batera jendearen erantzuna, mezuak eta dena berriz bizitzea, baina egia esan ongi nago.
Zuriñe Hidalgo: Une honetan lasaiago nago. Egia da komunikatua baino minutu batzuk lehenago nahiko osorik nengoela. Unea iritsi zela pentsatzen nuen, landuta neukala, barneratuta. Baina taldearen agurra iragarri eta 10 minutu pasa zirenean behera etorri nintzen. Negar eta negar. Jendea idazten hasi zen, tristurak zeharkatzen ninduen, guztiz hunkituta. Azken egunetan errusiar mendi batean ibili naiz. Sentimendu nahasiekin. Baina horri ere buelta ematen hasi naiz eta lasaiago nago.
Aspaldi hartutako erabakia izan dela diozue.
F.U.: Kuriosoa da erabakia nola hartu genuen. Bilera batera joan ginen Zuriñe eta biok. Bilera horretan hainbat gai zeuden, baina hau ez zegoen horien artean. Beste guztiak landu ostean, Zuriñeri esan nion: ‘Gauza bat esan behar dizut Zuriñe. Ez zaizu iruditzen hau (Hesian) ja…’ eta bere erantzuna aurpegian ikusi nuen. Aurpegi lasaia. ‘Gauza bera esan nahi nizun eta ez nekien nola’, esan zidan.
Hor ere azken diskoak izan zuen bere garrantzia. “Hasiera” izena zuen, zer nolako gauzak, lana produktore batekin grabatu genuen. Aurretik inoiz egin ez genuena egin genuen. Goazen probatzera, goazen ikustera zer egin dezakegun, nora irits gaitezkeen. Eta emaitza ona izan zen, diskoak funtzionatu zuen, baina beti bezala. Eta hor ikusi genuen agian egin beharrekoa egina genuela.
Z.H.: Erabakia behin hartuta, gure asmoa agur-bira polit bat egitea zen. Baina egoera dela-eta, koronabirusa dela-eta, ezin izan diogu taldeari guk nahi genuen moduko agurra eman.
Mezuak ere aipatu dituzue. Baten bat bereziki?
F.U.: Asko, ezta? Esker mezuak gehienbat. Oraindik ez dut kontrakorik ikusi, nahiz eta horiek ere beharrezkoak diren. Beti diot kontrako mezu horiek ere gustuko ditudala edo, behintzat, onak direla. Hor zaudela esan nahi du. Zutaz hitz egiten badute, hor zaude.
Z.H.: Nik bai. Meme bat kar, kar (Hesianen amaiera ‘Simpson’ telesailaren irudi batzuekin ospatzen du). Baina asko jaso ditugu, batzuk luzeak eta beste batzuk bi lerrotan bihotza ukitzen dizutenak.
F.U.: Kuriositate gisa, nire aitarena. Azken kontzertuaren gauean bertan amesgaizto bat izan nuen. Neure buruaz beste egiten nuen. Sare sozialen bidez partekatu nuen ametsa (taldearen amaierak sortutako bertigoa islatzen du) eta bat-batean euskaraz ia ez dakien nire aitaren mezu bat iritsi zitzaidan. ‘¿Qué es eso de que te vas a suicidar?’ Bueno, bitxikeria bezala edo…
Musika taldeen artean ohikoa izaten da agur kontzertu erraldoi bat iragartzea. Zuek kontrakoa egin duzue. Formatu txikian eta azkena izango zela esan gabe.
Z.H.: Honi ere buelta asko eman dizkiogu. Ez zen guk amestutako amaiera. Gure buruan agur-bira bat zegoen, kontzertu erraldoi eta izugarri politekin. Baina egoerak behartu gaitu erabakia gehiago ez luzatzera. Eta horrela suertatu da. Baina Bilbokoa oso berezia izan zen guretzat. Azkena zela jakinda bizi izan genuen eta disfrutatu. Guk bakarrik genekien, baina modu berezian disfrutatu nituen azken une horiek.
F.U.: Originalak izan gara horretan, kar, kar. Egia esan, ez zeukan zentzurik itxoiteak. Erabakia hartuta zegoen. Eta buelta asko eman dizkiogu. Baina azkenean ‘tira, egin dezagun horrela’. Iragarri izan bagenu, seguro jende gehiago etorriko zela, baina etorri nahi zutenak etortzea nahi genuen. Eta hala izan zen.
Beraz, atea ixten diozue, osasun egoera konponduko balitz, agur kontzertu handi bat emateari?
Z.H.: Puf, hipotesietan sartzea da hori. Oraintxe bertan ezinezkoa da eta ez dakigu zenbat luzatuko den egoera hau. Beraz, ez dugu planteatu ere egin.
15 urteko ibilbide luzea. Une gozo eta zailak izango dituzue gogoan.
F.U.: Une asko utzi dizkigu. Onak, eta txarrak ere bai. Onen artean hainbat kontzertu ditut. Etxarritik irten eta lehenbiziko aldiz konturatzen zarenean zure kantak ezagutu eta kantatzen dituztela. Ez dela soilik zure lagunen edo herriaren gauza. Gogoan dut Ibarran jo genuela eta flipatu egin genuela denek abesti guztiak zekizkitelako. Edo 2010ean, Gasteizen, Mendizorrotza ondoan dagoen kiroldegi batean eskaini genuen kontzertua. Bereziki dut gogoan izugarria izan zelako. Disko berria zen eta lagun pila batek dagoeneko kanta guztiak zekizkien. Giro bikaina sortu zen. Edo 2013ko Kursaaleko kontzertua. Talde bezala oso berezia izan zen gau hartakoa.
Eta Zuriñeren iritsiera ere momentu on horien artean daukat. Garai zail batetik gentozen. 2009an gure lehen abeslariak taldea utzi zuen eta bajoia egon zen. Bigarren abeslari bat sartu zen 2010ean eta ez zuen funtzionatu. Urte amaieran Zuriñe sartu zen eta hasi ginen ikusten berriz ere taldeak indarra hartzen zuela. Berrindartu egin gintuen.


