Joseba Sarrionandia presenta desde Cuba el libro "Gauzak direna balira"
- Fecha2 de Diciembre
- Temática Literatura
Habanako gaukariaren hirugarren liburukia gaur aurkeztu dute, Donostian, eta idazleak bidalitako bideoa eman dute bertan.
Bizitzea ez al da oso arriskutsua (2018) eta Airea ez da debalde (2019) Habanako gaukaria-ren lehen bi aleak osatzera dator Gauzak direna balira, Joseba Sarrionandiaren azkeneko liburua, eta aurreko biek bezala, egunkari forma du. Gaur aurkeztu du liburua Pamiela argitaletxeak Donostian, eta ekitaldian izan dira Dana Moya kantaria, Gotzon Garaizabal argazkilaria eta Fernando Rey edizioaren arduraduna. Protagonismoa, ordea, Sarrionandiak berak hartu du, Habanan bertan hari grabatutako hamasei minutuko bideo bat eman baitute saioan. Orain dela lau urte jakin zen Etxepare Euskal Institutuak Habanako Unibertsitatean zabaldu zuen Euskara eta Euskal Kultura irakurletzaren arduraduna izango zela Sarrionandia, eta orduan eman zien BERRIAri eta beste zenbait komunikabideri elkarrizketa luzea idazleak. Aurreneko aldia da, ordea, bideo baten bitartez bere liburu bat aurkezten duena.
Gaurko aurkezpenerako prestatutako hitzaldian, Sarrionandiak azaldu du Gauzak direna balira, egunkari bat izanda ere, ez dela «egunkari intimo» bat, «baizik eta ingurua eta mundua ulertzeko saiakerak». Gaukaria izanda —alegia, gauez idatzitakoa—, opakutasunera jotzen du liburuak, eta idazleak berak esan duenez, bera saiatu da «ilargiaren sekretario» lana egiten.
«Liburu bakoitza da egitura bat, idazmolde bat», Sarrionandiaren arabera, eta Gauzak direna balira-k, aurreko bi lanek bezala, egitura bati segitzen dio. «Forma oso konkretua dauka, egitura berezia, baina beti behar da egitura bat askatasuna izateko; askatasuna ez da ezerezean eraikitzen. Behar dira baldintza batzuk».


