Uxue Iturrate, 'Ningra': Hacer rap en euskera es devolver el euskera a la calle
- Fecha27 de Noviembre
- Temática Música
Ningra da bere izen artistikoa. Raplaria da eta atera berri du Hazia bere lehen bideoklipa, Enbor taldearen eskutik. Kontzerturen batean ikusten baduzue, mundua bide onetik doan seinale.
Pantailetan eta irratian ezagutu berri zaitugu. Non ibili zara orain arte?
Ba Bitorianon! Nire bizitzako momentu gehienak han pasa ditut, unibertsitatera sartu arte. Oso herri txikia da. 250 biztanle inguru izango ditu. Herritik hirira sekulako aldaketa dago. Herri txiki batean denok ezagutzen dugu elkar. Beti-betiko jendea da. Eta bat-batean pasatzen zara batxilergora, Gasteizera, eta hor ohartzen zara zenbaki bat zarela. Baina, egia da bizitzan ere horrela dela, eta ondo etorri zitzaidala, asimilatzeko gero gertatuko zitzaidana. Hala ere, herriko bizitza ez nuke ezerengatik aldatuko eta nire haurtzaroa eta nerabezaroa herrian pasa izana, pribilegio bezala bizi dut.
Eta nola iritsi zinen raparen mundura?
Beti gustatu izan zait poesia, eta idaztea, orokorrean. Asko gozarazi dit. Ez dakit ze momentutan hasi nintzen, zehazki, rapa entzuten. Euskarazko rapa ezagutu nuen. Kuriosoa ere bada, zeren normalean gure erreferente guztiak Euskal Herritik kanpo bilatzen ditugu, baina, euskarazko rapa heldu zitzaidan niri lehendabizi. Eta ikusi nuen rapa eta poesiaren artean bazegoela antzekotasun bat. Egituran, metrikan... Eta pentsatu nuen: zergatik ezin dut nik hau egin? Nire poemen letrei base bat jarri eta rapeatu ditzaket! Eta horixe egin nuen.
Pentsatzetik egitera nola pasatzen da bat?
Dena esateko, ez nekien abestiak nola egiten ziren –gaur egun ere ez dakit–, ez nekien nola lortu flow hori, nola egokitu nire ahotsa tempora… Baina, ateratzen zitzaidana egiten hasi nintzen. Orain egiten dudan bezalaxe. Esperimentazio prozesu bat izan zen. Baina rapa eskuragarria da, neurri batean. Musikari buruz ezer jakin gabe ere, base bat eta mezu bat baldin badituzu, zerbait egin dezakezu. Eta nik esateko gauza asko nituen. Beraz, hasi nintzen baseak bilatzen eta letrak idazten. Idatzi eta gero kantatu egiten nituen base baten gainean, eta aldatu behar izaten nituen gauza batzuk –hau laburtu, hau luzatu–... Eta lagunek esan zidaten: “Honek itxura ona du!”, eta esan nuen, “ba aurrera”.
Aldi berean hip-hoparen kulturari buruz irakurtzen hasi nintzen, eta maitemindu egin nintzen. Bronxeko talde marginatuek erresistitzeko tresna bezala sortu zuten, esateko, “begira, miserian bizi gara eta hemen ez da inor ezer egiten ari”. Haien aldarriak kaleratzeko modu bat zen. Eta ikusten nuen hori zela modurik egokiena nik ere esan nahi nuena esateko.


