Nogen publica 'Under alt', su segundo trabajo largo de estudio
- Fecha25 de Noviembre
- Temática Música
Bederatzi kantu bildu ditu disko berrian, eta estilo berari eutsi arren, taldearen «eboluzio naturala» islatzen duela uste du taldeak. Abenduan hasiko dute aurkezpen bira. Diskoa, berriz, gauerdian jarriko dute entzungai plataformetan; baita fisikoki eskuratzeko moduan ere, taldearen webgunean.
Lys izeneko lan laburrarekin, lau haizetara zabaldu zuen bere folk-rock proposamena Nogen taldeak. 2017a zen, eta hurrengo urtean plazaratu zuen bere estreinako lan luzea, Liv Til Doden (Hil arte bizi). Haren arrakastak dozenaka kontzertu egitera eraman zituen taldekideak, bai Euskal Herrian bai nazioartean. Joan den urtarrilean eman zioten amaiera ibilbide horri, bide berri bat hasteko asmoz, eta estudioko bigarren disko luzearekin ekingo diete berriro zuzenekoei. Under alt lanean, bederatzi kantu berri bildu dituzte, eta abenduaren 4an hasiko dute haren aurkezpen bira, aurrekoa bukatu zuten leku berean, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian.
Olatz Cuevas (baxua), Jokin Gilisagasti (bateria eta ahotsa), Markel Idigoras (ukelelea eta ahotsa), Alex Irazusta (gitarra eta ahotsa), eta Eider Saez (ahotsa) taldekideek osatzen dute Nogen, eta, aurreko lanarekin egin bezala, danierara jo dute disko berriari izenburua jartzeko. Idigorasek azaldu du esanahia: «Under alt-ek danieraz denaren azpian esan nahi du, eta diskoak horretaz hitz egiten duelako aukeratu genuen izenburua. Esan nahi dugu askotan itxuraren azpian badela sentimendu gordin bat; badaudela sentimendu asko ez ditugunak adierazten». Ideia horri jarraituz, diskoaren azalera Thomas Ibarrolaren argazki bat eramatea erabaki zuten, giza larruazala ageri duena lehen planoan, «azkenean, azalean irudikatzen direlako ondoen denboraren orbanak», Idigorasen hitzetan.


