Eñaut Elorrieta: "La gente quiere y necesita consumir cultura"
- Fecha13 de Noviembre
- Temática Música
Eñaut Elorrietak Udagoieneko Ostera Hegan musika zikloaren lehen kontzertua emango du eta onartzen du egungo kontzertuak hunkigarrienak direla
Bihar Udagoieneko Osteraren XXI. edizioa hasiko da eta Eñaut Elorrietak emandako kontzertu berezia eskainiko du ekimenaren webgunearen bidez (www.udagoinekoostera.eus). La Encartada Fabrika Museoan grabatu zuen eta ikusteko aukera igandera arte (azaroak 15) egongo da. Elorrietak azpimarratu du egungo egoera "aprobetxatu behar dugula" kulturaren familia aldarrikatzeko.
Udagoineko Ostera Hegan zikloak aukera bat eman dizu leku berezi baten kontzertu bat eskaintzeko. Nola izan da?
-Oso esperientzia ederra izan da. Formatu berezi bat prestatu genuen Nando Neira kontrabaxuan eta Maite Larburu biolinarekin, sekula probatu ez nuena. Asmatu egin genuen.
Zer iruditu zitzaizun La Encartada Fabrika Museoa?
--Lekua itzela da. Ez nuen ezagutzen museoa eta sartu nintzenean erabat harrapatu ninduen lekuak eta zoragarria izan zen.Publikoa falta zen, baina, hala ere, lan talde guztiak ederki babestu gintuen.
Lehen aldia izan da horrelako leku batean kontzertua ematea?
-Hala da. Iruditzen zait noizbehinka honelako gauza bereziak egiteko badauzkagula leku ederrak Euskal Herrian.
Publiko barik, nolakoak dira kontzertuak?
-Grabaketa itxura zeukan baina aldi berean banekien jendeak ikusiko zuela. Beraz, hori irudikatzen saiatu behar nintzen mentalki eta kontutan hartzen. Kontzertu exijenteak iruditzen zaizkit era honetakoak. Azkenean ez duzulako publikoarekin interakzio zuzen bat, ez duzu ikusten, imajinatu egiten dituzu eta horrek asko zailtzen du afera. Esango nuke pixka bat sexu birtuala bezala dela, ondo dago baina ezingo du sekula ordezkatu aurrez aurrekoa.
Uztailean kontzertu batzuk egin zenituen eta joandako jendea eserita egon behar zen maskararekin.
-Bisualki, egoera bortitza da. Bortitza izan arren, nik igarri dudana da badagoela orain egoera honetan halako energia berezi bat, emozio berezi bat publikoa eta gure artean. Badago elkar elikatu nahia, elkar babestu nahi ezohiko bat. Inoiz baino handiagoa. Elkar animatzeko gogoa eta hori igarri egiten da. Kontzertuak oso emozionanteak dira. Badago maskarilak eta distantzia gainditzeko asmo emozionala. Horrek harritu nau. Eman ditudan kontzertu guztiek hunkitu naute.
Konfinamenduan, kultura irtenbide bihurtu zen. Orain, Udagoineko Ostera Hegan zikloaren aukera izan ezik, kanpoan geratzen ari da?
-Pandemia honek ispiluaren aurrean jarri gaitu eta azkenean atera ditu gure gauza onak eta txarrak, eta garbi ikusten da zer dagoen indartsu eta zer ahul. Eta kulturak, lehenago ere, bazeuzkan gabezi handiak. Kulturaren ekosistema barruan ez gaude bakarrik musikariak, badaude teknikariak, kazetariak, antolatzaileak, aretoak... denok osatzen dugu familia hori. Egia da lehenengo konfinamenduan nabarmendu zela zein beharrezko zaigun kultura eta musika...baina aldi berean, kulturari jarri zitzaizkion hasieratik balditza zurrun eta zorrotzenak. Arrisku zero ez da existitzen eta egoera honetan garrantzitsuak diren gauzetan arrisku batzuk asumitzen ditugu, logikoa den bezala. Zoritxarrez, batzuentzat kultura ez dela hain garrantzitsua igarri da.


