La película 'Erlauntza' llega mañana a las salas
- Fecha5 de Noviembre
- Temática Audiovisual
Lagunarteko hizketaldi batean sortu zen ideia. Erlauntza antzezlana estreinatu eta gutxira, orain bi urte, istorioa zinemara eramatea ederra litzatekeela aipatu zioten elkarri taldeko kideek. Bestela bezala, hasiera batean, Mireia Gabilondo zuzendariak aitortu duenez. Kepa Errastik idatzi zuen obraren gidoia, eta biek, eskuz esku, testua zinemarako egokitzeari ekin zioten iaz. «Ez ziguten diru laguntzarik eman, eta tiradera batean geratu zen. Baina konfinamenduari esker, tiradera hori berriro zabaldu, eta zer edo zer egin behar genuela pentsatu genuen», azaldu du Gabilondok. Talde osoa elkartu, eta hiru astez jardun zuten filmaketa lanak egiten, iragan uztailean, Gamiz-Fikan (Bizkaia). Eta ibilbide horren guztiaren emaitza bihar helduko da zinema aretoetara. Euskaraz eta gaztelaniaz estreinatuko dute Erlauntza filma, laguntasuna ardatz duen komedia garratza.
Harrera ona izan zuen antzezlanak hasieratik, eta oraindik ere segitzen dute emanaldiak egiten. Baina antzokietatik zinema aretoetarako jauzia egingo du orain istorioak, Tentazioa eta Acronica ekoiztetxeen eskutik. Antzezlana bezala, Gabilondok zuzendu du filma ere, eta oholtza gainean aritzen den antzezle talde bera ikusi ahal izango da orain pantaila handian: Naiara Arnedo, Itziar Atienza, Sara Cozar, Getari Etxegarai, Aitziber Garmendia eta Leire Ruiz aktoreek gorpuztu dituzte kontakizuneko sei pertsonaiak.
Landetxe batean bildu dira txikitatik lagun diren sei emakume, haietako baten ezkontza aurretik, elkarrekin asteburu zoro bat pasatzeko asmoz, musika, alkohola eta drogak lagun. Haietariko batzuk aspaldian ez dira elkarrekin egon, beste batzuek harreman estuagoa mantendu dute. Baina betidanik dira lagunak, eta ongi ezagutzen dute elkar. Edo hori uste dute, behintzat. Hizketaldiak eta gertakariak korapilatuz joan ahala, sekretuak, trapu zaharrak, aitorpenak eta ziztada garratzak joango baitira festara batzen. Barreak nahiz malkoak partekatuko dituzte protagonistek azkenean, uste baino zoroagoa bihurtu zaien asteburu horretan. Dena, erlauntza bat lekuko dutela.


