Ondarroa de 1983, convertido en escenario de una novela negra
- Fecha17 de Octubre
- Temática Literatura
Joanes Urkixok 'Orratza eta kaltea' thrillerra argitaratu berri du, Elkar argitaletxearekin. Heroinak erabat erasandako herri baten testuinguruan, herritarren arteko istorioak harilkatu ditu idazleak
Adin guztietako irakurleentzat eta ia genero guztietan idatzitakoa da Joanes Urkixo (Bilbo, 1955), lau hamarkada luzeko ibilbidean: helduentzako poesia, nobelak eta ipuinak argitaratu izan ditu; haur eta gazteentzakoak ere bai. Profesionalki, baina, gidoigile izan da batez ere. Lasa eta Zabala (2014) filmaren gidoia berak idatzia da, esaterako. Oraintxe estreinatu duten Hil kanpaiak filmaren gidoigileetako bat ere bada. Orratza eta kaltea (Elkar) izenburuarekin plazaratu berri duen nobelak berak ere gidoi bat izan du abiaburu. Lasa eta Zabala filmarena idazten bukatu berritan idatzi zuen, baina ezin izan zuen ekoitzi. «Hala, gidoia nobelara aldatzea erabaki nuen».
Aldaketa horretan, 1983ko Ondarroan (Bizkaia) «heroina urteetan» kokatutako thriller bat sortu zuen. «Nobela thriller bat da, bai, baina asko du ere sail beltzetik eta sail beltzean hain sarritan sartzen den dramatik». Badago intriga, badaude hilketak, badago hiltzaile bat, «baina hori ez da nobelako gako nagusia».
Testuingurua bada nobelako gakoetako bat: «Ondarroa izan zen, beste hainbatekin batera, Euskal Herri barruan heroinak gogorren jotako herrietako bat. Hor kokatuta dago trama». Herriko txokoak eta biztanleak elkarrizketatu zituen Urkixok trama horren eraikuntzarako; tartean, heroina urte haietatik bizirik ateratzea lortu zuen emakume bat, zeharo hunkitu zuena.


