Izaro anuncia las fechas de su gira por Euskal Herria y presenta el videoclip del tema 'Hainartean'
- Fecha25 de Septiembre
- Temática Música
‘Limones en invierno’ azken lana aurkezteko kontzertu birari ekingo dio Izarok. Bilbo izango da abiapuntua, urriaren 16an, eta ondoren bisitatuko ditu, besteak beste, Andoain, Zeanuri, Leioa, Arrasate eta Getxo. Gasteizen itxiko du, urtarrilaren 2an. Iragarpena ‘Hainbeste’ kantuaren bideoklipa aurkezteko aprobetxatu du.
Iazko Durangoko Azokan jarri zuen salgai formatu bitxian ‘Limones en invierno’ diskoa eta hilabeteetako itxaronaldiaren ostean abiatzear da Izaro musikariaren azken lana aurkezteko bira. Martxoan hasteakoa bazen ere, koronabirusak eten egin zuen; ostiral honetan jakinarazi dutenez, urriaren 16an abiatuko du, Bilboko Euskalduna Jauregian, Euskal Herrian hainbat geldialdi dituen kontzertu bira.
Urtarrila bitartean momentuz hamalau hitzordu ditu baieztatuta bizkaitarrak: Bilbo, Donostia (urriak 25, 26, 27 eta 28), Iruñea (azaroak 13), Leioa (azaroak 20), Azpeitia (azaroak 21), Beasain(azaroak 27), Andoain (abenduak 18), Getxo (abenduak 19), Arrasate (abenduak 23), Zeanuri (abenduak 27) eta Gasteiz (urtarrilak 2).
Osasuna bermatzeko hartu beharreko neurriak medio, Bilbo zein Iruñeko emanaldiak hainbat egunetan banatuko dira, sarrerak erosi dituzten zale guztiei kontzertura joango direla bermatzeko. Sarrera berriak salgai jarriko dira baina dagoeneko erosita dutenek ez dute aldaketarik beharko, eserleku berria esleituz gero, aldez aurretik jakinaraziko zaie antolakuntzatik. Iturri berberek aditzera eman dutenez, Donostiako lau emanaldietarako sarrera guztiak agortuak daude.


