Maria Amolategi: «La música es efímera, como la vida, y debe adecuarse a la situación actual»
- Fecha29 de Julio
- Temática Música
Matilda taldeak eta Idoia Asurmendik kontzertua eskainiko dute igandean, abuztuak 2, Sanagustin kulturgunean, Katapulta Tour egitasmoaren barruan. Kontzerturako "gogoz" daudela azaldu du Matilda taldeko Maria Amolategi (Beasain, 1987) abeslariak. ¿Te imaginas? diskoko abestiez gain kantu berriak ere abestuko ditu Matildak igandean.
Dozena erdi bat kontzertu emango dituzue udan. Zer moduz joan zaizkizue orain artekoak?
Oso arraroak izan dira orain arte eman ditugun kontzertuak. Segurtasun neurriak bete behar genituen, eta jendearen feedbacka asko aldatu du horrek. Entzuleak maskarekin egon ohi dira emanaldietan, eta tokatu zaigu entzuleak aulkietan bakarrik ikustea ere, besteekiko tartea mantenduz. Egia esan, oso hotza da horrela kontzertuak ematea, ez baituzu jendearen espresioak ikusteko aukerarik, eta sarritan ez dugu jakiten jendea lokartzen edo ondo pasatzen ari den ere. Ez da egoerarik onena kontzertuak emateko, baina ez dago beste aukerarik.
Zer sentsazio izan duzue hilabete hauen ostean agertokira bueltatzean?
Sekulako gogoa genuen kontzertuak ematen hasteko. Hiru hilabete hauek bat-batean desagertu egin dira gure bizitzetatik, baina guk abestiak konposatzen jarraitu dugu hilabete hauetan. Joan zen urtean plazaratu genuen ¿Te imaginas? diskoak sei abesti ditu, eta orain kontzertuetan hamalau abesti kantatzen ditugu gutxi gorabehera. Zortea izan dugu bertan behera gelditu ziren kontzertu horiek emateko aukera dugulako uda honetan.


