'Eros', un ejercicio de desnudar una vida llevada al límite
- Fecha16 de Julio
- Temática Literatura
Pamielaren eskutik argitaratu du Eric Dicharry baionarrak poema liburu berria, zeinetan «hitz bilakatu duen drama pertsonala»
Bosgarren hamarkadan sartu berria da Eric Dicharry (Baiona, 1969). Hirugarren bizialdiari dagozkio pilatzen doan urtean, «bi aldiz biziaren ertzetan hilda atzeman» baitute, autobus istripu baten ondorioz aurrenekoan, «bigarren aldian Itzelako diskotekaren atarian ketaminazko gaindosiz». Beraxek kontatu ditu jazoera horiek Donostian aurkeztu duen 'Eros' poema libururako prestatu dituen atariko oharretan. Poemetan ere badute tokia esperientzia horiek, Pamielako Jose Angel Irigarayk aurkezpenean azaldu duen moduan «hamaika katramila eta infernutatik pasatako» poetak «drama pertsonala hitz bilakatu baitu, bere zaurietatik zure zaurietara eramaten zaituela».
Argitaletxe nafarrak poesia sailean kaleratu du 'Eros'. Poesiarako batik bat euskara darabilen eta gainontzeko lanetarako –eleberriak, antropologia eta arteari buruzko liburuak...– frantsesa baliatzen duen idazleak, ordea, «liburu transgenerotzat» jo du 'Eros', ez baita poema bilduma soila, askotariko baliabideak uztartzen dituen proposamema baizik. Horretan ere, eta ez bakarrik bizipenetan, Antropologian doktorea, 'poeta artista', idazlea eta ikertzailea den Dicharryren isla da 'Eros'. Isla «oso autoerreferentziala eta sintzeroa», Irigarayren hitzetan. Ezaugarri horien guztien arabera, liburua ez da oso samurra. «Batzuentzat zaila izango da», onartu du editoreak, ahaleginak saria duela aurreratuz.


