Erein publica la novela negra 'Patuaren zurrunbiloan', de Iker G. Rike
- Fecha2 de Julio
- Temática Literatura
Iraitz Urkulo itzultzaileak ekarri du euskarara
Pultsu ilun bat, gizartearen erakusleihoetan distiraz agertu ohi den mundu argitsu baten kontrastean. Enpresen mundua, boterea, prestigioa, neurririk gabeko anbizioa, gehiago eta gorago gura izatea. Gertutik ezagutzen du mugimendu hori Iker G. Rikek (Bilbo, 1978), eta hura bihurtu du bere lehen nobelaren zoru. «Nobelak nahiko du errealitatetik: lankide, bezero, unibertsitateko irakasleen bizipenak daude bertan. Etikatik kanpo dauden hainbat joera izan ezik, bertan agertzen den guztia horrela gertatzen dela ziurtatu dezaket». Ingeniaria da Rike, eta Madrilen bizi da. Han argitaratu zuen estreinakoz Patuaren zurrunbiloa, gaztelaniaz. Iraitz Urkulok euskaratu du, eta Ereinek argitaratu.
Asier Escribano da liburuko protagonista, lehen itxura batean «eskrupulu handirik gabeko» enpresa gizon bat, ustez bizitzan «den-dena» daukana, baina gehiago nahi duena. Eibarren (Gipuzkoa) egiten du lan, trenaren sektorean. «Modernizazio prozesuak martxan daude mundu guztian, eta horrek aukera ematen dio diru asko maneiatzen duen jendearekin harremanetan sartzeko. Hor ikusten du dirua modu erraz batean egiteko era bat, eta horretarako estrategia bat garatzen du». Gutxinaka, «espiral» batean harrapatuta topatuko du bere burua, ekintza kriminaletan nahasita ikusi arte.
Eta hor agertuko litzateke liburuaren «premisa nagusia», galdera forman: «Zer gertatuko litzateke nire bizitzako azken eguna aldez aurretik ikusteko aukera izango banu? Benetan jakin nahiko nuke? Zer modutan baldintzatuko luke horrek nire bizitza momentu horretatik aurrera?». Eta batez ere: posible litzateke amaiera aldatzea? Horri lotuta baitago kontakizuna abiatzen duen gertakaria: erritual baten bitartez, bost hilabete barru gertatuko den erailketa baten berri izango du Escribanok, zeinetan tartean izango den bera ere. Informazio hori irakurleak eta protagonistak izango dute, baina ez liburuan agertuko diren gainontzeko pertsonaiek. «Irakurleak ere badaki Escribanoren patua zein den, eta horrekin jokatzea bilatu dut».


