Miren Agur Meabe completa el viaje de la oscuridad a la luz a través de poemas
- Fecha1 de Julio
- Temática Literatura
‘Begiak zerumugan’ (Elkar) 68 poema eta 48 aforismoz osatutako liburua da. 2003tik 2020ra idatzitako testuak berreskuratu eta sailkatu ditu Miren Agur Meabek, eta gero Ane Pikaza ilustratzailearen arteari esker sortu nahi zuen bidaia onirikoa osatu du.
2003tik hona idatzitako 200 poema inguru zituen Miren Agur Meabek gordeta. Horiek berrikusi, sailkatu eta aukeratu ostean, 68 bildu ditu ‘Begiak zerumugan’ liburu berrian, Ane Pikaza ilustratzailea bidelagun duena.
Antxiñe Mendizabal Elkarreko editoreak azaldu duenez, iluntasunetik argitasunera egindako ibilbide bat da poema liburu hau, poesia irakurtzera ohituak ez dauden heldu, zein poesia irakurtzen hasten diren haur eta gazteei zuzendua, alegia, edozein adin tarterentzat aproposa. «Lehenengo orrian haizearrosa bat dago, norabidea sekula ez galtzek –adierazi du–. Hortik hasita, lau ataletan zehar pertsonai baten pausoak jarraituko ditugu».
Liburuaren amaieran Pikazak egindako «horma irudia» dago, liburutik askatu daitekena mapa moduan erabiltzeko, irakurtzen gauden bitartean ibilbidea ikusiz.
Meabek, berriz, azaldu du poemak antolatzean ez zuela bilduma soil bat izatea nahi eta horregatik zentzu bat ematea erabaki du. Hala, lau atal osatu ditu eta bakoitzean pertsonaiaren ibilbidea jarraitzeko gakoak ematen ditu. ‘Har ezazu fardela’ da bidaiaren hasiera, leku aldaketaren premia adierazten duena. «Fardelean askotariko emozioak daude: poza, etsipena, beldurra, mina… edozein gizakik bere bidean garraiatutako zamak», esan du.


