Entrevista a Kepa Errasti sobre el libro "Mami Lebrun"
- Fecha15 de Junio
- Temática Literatura
Aste honetan aurkeztu dute Susa argitaletxeak eta EHAZE elkarteak Ganbila antzerki bildumako bigarren labealdia, eta bertan, Kepa Errastiren Mami Lebrun liburua. Idazle baino, bere burua aktoretzat du Errastik, eta ikuspegi horretatik mintzatu zaigu antzerkia idazteaz, talde lanaz, antzerkiaren erronkez.
Koronabirusak ekarritako egoeraren erdian egiten ari gara elkarrizketa hau, egoera ez ohiko honen erdian amaitu duzu Mami Lebrun liburua. Aktore zaren heinean, nola daramazu geldotasuna?
Nahiko ondo, egia esan. Egia da baita ere, datorren urte amaierarako lana badudala eta horrek nolabaiteko lasaitasuna ematen du, baina oso kontziente naiz pribilegiatu bat naizela. Ez dira garai errazak arte eszenikoetatik bizi garen profesionalentzat. Buruari buelta gehiegirik eman gabe, beste lan batzuetarako aprobetxatzen ari naiz epealdi hau. Ea gero fruitu polit eta emankorrak ematen dituen orain aurreratzen ari naizen lanak.
Eta idazle gisa? Zer ematen dio idazle bati geldotasunak?
Pentsatzeko denbora, eta agian ohiko bizitza erritmoak ematen ez dizun patxada bat. Hala ere, patxada horrek beti ez du esan nahi denbora behar bezala aprobetxatuko duzunik edo patxada horri esker gehiago idatziko duzunik. Nik, normalean, fisikoki idazten hasteko, nahiko garbi eduki behar izaten ditut gauzak buruan eta beti ez da hori gertatzen. Inspirazioa askotan gutxien espero duzun momentuan iristen zaizu, eta ez du zertan patxada momentu batean izan behar.
Azken urteetan oso aktibo ezagutu zaitugu antzerkigintzan, bai idazle bai aktore gisa. Zein neurritan zara aktore, zein neurritan zara idazle?
Nik beti azpimarratzen dut aktorea naizela, eta gero horretaz aparte, idatzi egiten dudala. Azpimarratzea gustatzen zait, ohitura daukagulako jendea beti gauza batekin edo bestearekin bakarrik lotzeko, eta badaezpada: inor ez dadin ahaztu. Bi ogibidetako bat aukeratu beharko banu, ez nuke inongo zalantzarik izango. Idazteak interpretatzeak ematen ez didan nagikeri bat ematen dit beti.


