"Argiantza", de Pello Lizarralde, o cómo el cine dejó de ser un paraíso
- Fecha11 de Junio
- Temática Literatura
Pello Lizarraldek Argiantza nobela aurkeztu du asteazken honetan. Erein argitaletxearekin kaleratu duen nobela berriko protagonista Ramon Beitia da, 80ko hamarkadaren hasieran hainbat zine areto kudeatzen zituen gerentea. Urte haietan zinemak jasan zituen aldaketen eskutik, gainbehera datorren mundu baten lekukotza eskaintzen du liburuak.
Donostian aurkeztu du Argiantza Lizarraldek, baina COVID-19aren pandemiari aurre egiteko segurtasun neurriak direla-eta, streaming bidez jarraitu behar izan ditu prentsak liburu berriaz eman dituen azalpenak, azken asteetan aurkezten ari diren liburu gehienekin gertatzen ari den bezala.
Berezitasun hori izan du agerraldiak eta beste berezitasun bat ere badu liburuak: 1982ko irailean kokatua dago, alegia, urte zehatz batean eta ongi zedarritutako testuinguru batean. Ez da oso ohikoa hori Lizarralderen literaturan, datei eta datuei baino, eszenei, giroei eta esan gabekoei emanagoa den idazkera baita Zumarragan jaiotako idazle iruindarrarena.
1982an hainbat zine areto kudeatzen dituen Ramon Beitia da nobelako protagonista: pantaila handia galera ekonomikoak edukitzen hasia da ordurako eta Beitiak ikuskatze lanei ekingo die. Ondoren, egoeraren gordina esplikatu beharko dio aitaren eskutik jasotako negozioaren jabe egin den nagusi gazteari. Egun gutxitan gertatzen den istorioa harilkatu du Lizarraldek 88 orrialdeko nobela honetan, zeinean herrietako aretoak eta bertan lan egiten zuten pertsonak agertzen diren, idazlearengan hain bereizgarria den estiloarekin marraztuta.


