Oferta reestructurada post-COVID-19 de la Filmoteca Vasca
- Fecha9 de Junio
- Temática Audiovisual
Joxean Fernández Euskadiko Filmategiko zuzendaria datozen hilabeteetan erakundeak izango duen eskaintzaz mintzatu da El Diario Vasco egunkarian, eta koronabirusaren krisialdiak eragindako programazio aldaketen berri eman du. Besteak beste, aurten Jazzinema ziklorik egongo ez dela edota euskal zinemaren historia emakumeen begiradatik errepasatzeko asmoa dutela aurreratu du.
Tabakalera – Donostiako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak ekainaren 1ean ireki zituen berriz ere ateak COVID-19 pandemiaren eraginez martxoan jarduna bertan behera utzi ostean. Zinema eskaintza ekainaren 17an jarriko dute martxan, eta Euskadiko Filmategiaren egitarauaren baitan dagoen Nosferatu (R.W. Fassbinder) egitasmoa berreskuratuko dute. Horrez gain, El Diario Vascori adierazi bezala, Zinema eta Zientzia zikloa berrartuko du filmategiak uztailean, baina Fritz Lang zinegile alemaniarraren Frau im Mond (1928) filmaren emanaldi musikatua 2021era atzeratuko dute.
Tabakalera itxita egon den bitartean funts propioen eta euskal zinemaren katalogazio orokorra bizkortzeko lanetan aritu dira Euskadiko Filmategiko langileak, abian duten euskal kulturaren gordailu digitalean buru-belarri sartuta. Eta hain zuzen ere, euskal zinema genero ikuspuntutik aztertuko duen proiektua abiaraziko dutela esan du Fernandezek. Pilar Rodriguez Deustuko Unibertsitateko irakaslearekin harremanetan jarri da dagoeneko gaia jorratuko duen liburua koordinatzeko, eta ostean, egitasmoa hiru urte iraungo dituen ziklo bihurtzeko asmoa omen dute.


