Koldo Biguri Otxoa de Eribe: "La traducción ha sido el gran avance de la literatura vasca en los últimos 40 años"
- Fecha8 de Junio
- Temática Literatura
Filologo gasteiztarrak irabazi du eleberri beltza sustatzea helburu duen (H)ilbeltza beka, Massimo Carlotto italiarraren 'Arrivederci amore, ciao' lana itzultzeko .
Euskarazko nobela beltzaren sorkuntza bakarrik ez eta atzerriko nobela handiak gure hizkuntzara ekartzeko helburu bikoitza dauka Baztango Udalak, (H)ilbeltza elkarteak eta Txalaparta argitaletxeak elkarlanean antolatzen duten (H)ilbeltza bekak. Aurten, Massimo Carlottoren Arrivederci amore, ciao eleberria itzultzeko hamar lagin bildu ziren eta Koldo Biguri Otxoa de Eriberen (Gasteiz, 1962) proposamena aukeratu zen garaile. Filologia ikasitakoa, irakaslea, euskaltzain urgazlea, itzultzailea eta interpretea da Biguri egun. 1992an hasi zen literatura itzultzen, gehienbat literatura italiarra. 2000 urtean, Napoliko Unibertsitatean egin zuen lan, euskal morfologiako irakasle gisa. Halaber, euskal itzultzaile aitzindarien memoria historikoaren berreskuratze lanetan ibili da. Carlottoren lana, bekaren antolatzaileek jakinarazi bezala, datorren urteko abenduan argitaratuko du Txalaparta argitaletxeak.
Massimo Carlottoren 'Arrivederci amore, ciao' lana euskaratuko duzu. Zer nolako eleberria da? Zer da kontatzen diguna?
–Literatura beltzaren barruan kokatzen da, beraz delinkuentziaren munduan islatzen da. Pertsonaia nagusia Italiako 70eko hamarkadan ezkerreko giro polikoko militantea da, atentatu batean parte hartu eta nahi gabe zaindari bat hiltzen duena. Ihes egin behar izaten du, Frantziara lehenengo eta Erdialdeko Ameriketara ondoren. Italiara itzultzerakoan bere burua entregatzen du. Bere gaztetako idealismo politikoak alde batera utzita, ongi bizi eta diru asko eduki nahi izaten du orduan. Delikuentzian sartzen da ezagutzen duen polizia ustel batekin. Tarantino estiloan, jende asko hiltzen den lapurreta bat egiten dute... Oso istorio krudela da.
Egilearen beraren ibilbidearekin antzekotasunak badituen istorioa da, beraz... Carlottoren bizitzak ere izan zuen beltzetik, ezta?
–Badauka hortik, noski, bere bizitzan oinarritu baita batez ere giroa ezagutzeko. Gaztetan arazo oso handiak izan zituen Italiako justiziarekin, ez terrorismoagatik, baizik eta ustekabeko gertakari batengatik: egun batean bere arrebaren etxera joaten ari zela portalean labankadez jositako neska bat aurkitu zuen. 19 urte besterik ez zituen, neska laguntzera joan, izutu eta inori ezer esan gabe alde egin zuen. Zoritxarrez, bere arropak odolarekin busti zituen eta poliziak harrapatu zuenean hilketa leporatu zion. Berak beti esan zuen ez zela hiltzailea, ez zuela neska hori ezagutzen. Baina ibilbide judizialean izugarrizko arazoak izan zituen, 18 urteko kartzela-zigorrera kondenatu zuten, apelazio ugari egin zituen, askatu egin zuten, berriz ere epaitu eta zigortu zuten... Apelazio baten bitartez askatu zuten batean, Italiatik hanka egiteko aprobetxatu zuen, ez baitzen fidatzen garai hartako justiziarekin. Egin zuen ibilbidea nobelan agertzen dena da. Italiara itzuli zenean bere burua entregatu zuen, eleberriko pertsonaiak bezala, eta kartzelan egon zen, errugabea zela mantenduz betiere. Mugimendu handiak egon ziren Italiako arlo ezkertiarretik tipo hau askatzearen alde. Azkenik indultua eman zioten, baina kartzelan 8 bat urte egon zen. Bere animoak behea jo zuen hainbat alditan, oso gaizki egon zen fisikoki ere, bulimia arazo ikaragarriekin: 140 kilo pisatzera iritsi zen. Bere buruaz beste egiteko zorian egon zen baita ere... Bizitza gordina.


