La mirada del niño, lugar de la resistencia

  • La mirada del niño, lugar de la resistencia
    Oihane Amantegiren lehen nobela da Ibaiertzeko ipuina. DE PEDRO
berria.eus

  • Fecha5 de Junio
  • Temática Literatura

Oihane Amantegik AEBetako hegoaldean eta zehaztu gabeko garai batean girotu du 'Ibaiertzeko ipuina', bere estreinako nobela. Bizitza eta heriotza deskubritzen dituen haur bat du protagonista

Amerikako Estatu Batuetako hegoaldean, Ochlockonee ibaiak bustitzen duen izenik gabeko herri batean girotu du Oihane Amantegik (Zornotza, Bizkaia, 1985) Ibaiertzeko ipuina bere lehenengo nobela. Inoiz zehazten ez den garai mitiko batean. Familia zuri pobreak, elkar elikatzen duten emakume beltzak eta mundua deskubritu nahi duten haurrak gurutzatzen diren parajean. Heriotzak agerpena egiten duen tokian. Ipuin luzea edo nobela laburra da —ehun orrialdera ez da iristen—, eta, lehenengoz irakurri zuenetik, «liluragarria» iruditu zitzaion Xabier Mendiguren Elkar argitaletxeko editoreari: «Idazkera hipnotikoa du, eta ezberdina; nortasun handikoa iruditu zitzaidan». Eta, Amantegiren lehenengo lana izanda ere, «liburu inportantea» deritzo, eta «zeresana» emango duela uste du.

Antropologoa da ikasketaz, ikerketan eta euskarari nahiz kulturari lotutako esparruetan aritu izan da Amantegi. Baina, bitartean, baita lehenengo literatur lan argitaratua dena idazten ere. Prozesu luzea izan baita. «Proiektua asko da aldatu da idazten hasi nintzenetik. Hasieran lan luzeagoa zen, baina denborarekin gauza batzuk kimatzen joan naiz, eta liburutik jausi egin dira. Baina, denboran luzatu bada, izan da denbora behar zuelako».

Eleberriko protagonista, ahots narratzaile bakarra, 8 urteko neskato bat da. Ahizpa bikiarekin batera jaio behar zuen, baina bizitzara bakarrik ernatu zena: «Eta, hala, hurrengo urteko martxo hasieran ibaiak gaindi egin zuenean, ahizpa bikiarekin batera jaio nintzen ni. Bikiak, berdin-berdinak, ispiluaren ispilu, ahoaren aho eta sudurraren sudur, eskuen esku eta zilborraren zilbor, bata bestearen atzetik, baina heriotza bizitzaren atzetik doan bezala agertu nintzen ni lehenengo, bizirik, eta ahizpa gero, hilda». Liburuak berak oinarri gisa hartzen du protagonistaren eta hildako ahizparen, bizitzara iritsi ez zen haren arteko harremana. Amantegi: «Gai zentrala da heriotza. Baina, heriotza, haur baten ikuspegitik kontatua». Horregatik, era berean, liburuari ipuin izendapena jartzeko hautua ere: «Heriotza eta haurraren inozentzia batzen dira istorioan. Haurraren lekutik kontatzen dira istorioa eta bizipenak, mundua deskubritzen ari denaren haurraren begiradatik. Eta ahots horrek, haurraren ahotsak, du garrantzia. Bere begiradak, erresistentzia lekua den gisan».

Leer información completa en el sitio web de la fuente