'Hotz industriala', cinco cuentos sobre personajes
- Fecha1 de Junio
- Temática Literatura
«Identitatearen eta izenaren arazoa, bestetu nahia» ere bada Julen Belamunoren hirugarren liburuko ipuinak lotzen dituen harietako bat
Julen Belamuno (Azpeitia, 1959) ez da idazle oso ugaria. 2015an argitaratu zuen aurreneko ipuin-bilduma, 'Ukabilak eta loreak', eta 'Gaueko zaintzailea' eleberria ekarri zuen 2016an. Susarekin argitaratu du hirugarrena, 'Hotz industriala', bost ipuinez osatutako bilduma (216 orrialde, 17,10 euro).
'Hotz industriala', 'Desagertuaren oroi-grina', 'Belarriko gaitza', 'Amaren errautsak' eta 'Ahaztutako pintoreak'. Ipuin luze samarrak, batez ere azkenekoa, 65 orrialdeakoa. «Pertsonaien inguruan eraikitako ipuinak» direla arreratu du aurkezpenean Leire Lopez Ziluaga Susako editoreak, «batez ere lehenengo lauak». Narrazioetan «badago pertsonaia nagusi bat, eta beste pertsonaia batekin duen harremanaren bitartez azaltzen da zama, ezinegona».
Pertsonaia ia denek, alegia, «badute ezinegona sortzen dien zerbait, lehenalditik datorrena, ahaztu nahi dutena, baina momentu batean gatazkak harrapatzen ditu. Irakurlea geruzaka joango da egonezin horren berri izaten, estratoka», azaldu du editoreak.
Bat etorri da ikuspegi horrekin idazlea, eta berretsi du pertsonaiak direla ipuinen ardatz nagusia: hozkailu industrialak konpontzen dituen Lezeta; herritik Alemaniara ihes egin zuen gizonezkoa, arrastorik utzi gabe, bizitza eta izen berri baten bila; zuhaitz baten inguruko tirabiran nahasten diren ezezagunak; belarriko minez txikitzen, botika noiz irekiko duten zain dagoen artista; ahaztutako pintore baten bila Italiara doan Antso Jakituna Fundazioko teknikaria...


