Zea Mays, el carácter poliédrico del rock
- Fecha26 de Abril
- Temática Música
Ez dira proiektu bat, talde bat baizik. Eta beraien izaera halaxe aldarrikatzen dute, argi eta garbi, lehentasuna duena baita gogoarekin batera doana ateratzea, osatzea eta gero kantu eta disko bihurtzea. Hogeita hiru urteko bideak eskatzen dituen adina urrats egin ditu dagoeneko Zea Maysek, hasierako lau kide berberak mantenduz, hasiera hartako arima berberari eutsiz. Bihotzez ari dira beren kantuetan eta ez dute aldatzeko asmorik. Ezta beharrik ere
Otsaila da Donostian. Zea Maysen kontzertua Dabadaba aretoan. Emanaldi bikoitza dute asteburuan. Ostirala-larunbata. Jendeak hala eskatzen du. Sarrerak agortu zituzten aurreneko batean eta bigarren baten egarriz dira zaleak. Aspaldi da ez dutela diskorik atera eta zuzenean irentsi nahi dituzte. Gose dira. Egarri aseezinez. Izerditan ikusi nahi dituzte. Hor. Gainean. Agertoki gainean. Ez dago aitzakietarako denborarik. "Harro" agertu ziren 2016an azken aldiz, eta geroztik apenas arrastorik ez. "Zea Mays 20 urte" remixen diskoa eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin ateratakoa ondorena. Gosea? Nola ez, bada? Ateratzeko garaia iritsia zitzaien. Horixe, "Atera", 2019an etorritako azkena.
2020a iritsita eta osasun krisiaren erauntsiak zartatuta dator elkarrizketa hau, martxo hasierako egunetan egina, Bilbok oraindik bere kaleetako ederrari eusteko aukera ematen zuela eta Nervion taberna elkargune izaten jarraitzen zuela. Itzuliko dira denbora haiek, baina, bitartean, akorduaren konfinamendura heldu behar. Eta horretan, akordu honetan, beti dago burko eroso baten bilaketa. Nirea, lerrook idazten dituenarena, Zea Mayseko lau kideekin egindako hitzorduarena. Haiena, Aiora Renteria, Iñaki Imaz Piti, Ruben Gonzalez eta Asier Basaberena, hogeita hiru urteetan egindako ibilbidearena. Denok izango dugu non amestu aurrerantzean, jarraian doazen lerroetan bai, behintzat. Edo horretan saiatuko gara.


