Iratxe Reparaz: "La música entra cada vez más por los ojos"
- Fecha24 de Abril
- Temática Música
Publizitatean eta zineman aritzeaz gain, musikarekin lotutako proiektuetan lanean ari da Iratxe Reparaz arte zuzendaria. Zetak, Xabi Bandini edota Nafarroa 1512 taldeekin egin ditu lanak
Arte zuzendaria dugu Iratxe Reparaz (Arbizu, 1995). "Buruan duzun ideia horri bisualki forma ematea da nire lana, baita ahalik eta espresio gehienetan hura transmititzen asmatzea ere", laburbildu du nafarrak. Leioan Publizitatea eta Harreman Publikoak ikasi ondoren, Bartzelonan abiatu zuen bere ibilbide profesionala Reparazek. Publizitatearen eta artearen arteko marra oso fina dela dio arbizuarrak, eta bietatik edan dituen ezagutzak uztartuz, Euskal Herriko zenbait musika talderekin dituen hainbat lanetan murgildu da orain, "musikaz harago, esperientzia borobilagoak sortzen laguntzeko asmoz". Zetak, Xabi Bandini edota Nafarroa 1512 taldeekin egin du lan, eta proiektu gehiagotan aritzea ere nahiko luke.
Galduta gaudenontzat€ Zer egiten du arte zuzendari batek musika talde batean?
Jende askok galdetzen dit hori, lasai. Modu sinple batean azalduta: taldeei laguntzen diet buruan dituzten ideiak bisualki garatzen. Askotan gertatzen da, kriston asmoa eduki baina horri forma ematerakoan blokeoa sentitzea. Nola egin? Norekin? Transmititu nahi duten mezu hori barneratu eta makineria martxan jartzen dut nik.
Makineriak ze esparru hartzen ditu?
Taldearen beharrizanen edo asmoen arabera, baina pentsa, abeslariaren janzkeratik hasita soinu teknikarira arte. Faktore ezberdinak orekatzean dago gakoa, talde gisa edo kontzertu jakin batean sortu nahi duzun esperientziaren arabera. Horren arabera set jakin bat prestatu beharko du argi teknikariak, baita soinu teknikariak ere, arropak modu batekoak izango dira€ Inplikatuta dauden profesional ezberdinak bildu eta denek norabide berean lan egin dezatela lortu behar du arte zuzendari batek.
Horiek guztiak bilduta bideoklip batean ikusiko ditugu, adibidez.
Hala da. Bideoklip batean aurretik aipatutako faktore gehienak agertzen dira, eta nire lana izango da abestiarentzako eta taldearen helburuentzako egokiena den zuzendari bat aukeratzea lehenik, eta ondoren, detaile guztiak orekatuta egon daitezen esparru ezberdinetako artistak gurera ekartzea. Hau da, nik ez ditut bideoklipeko protagonistak edo arropak zeintzuk izango diren erabakiko, baina erabaki hori hartuko duen profesionalik onena aukeratuko dut.
Zetak-en bi bideoklipetan hartu duzu arte zuzendariaren ardura. 'Errepidean' izan zen lehena.
Bartzelonako publizitate agentzia batean lanean ari nintzen lanean Pello Reparazek Errepidean abestiaren bideoklipa egiteko proposamena luzatu zidanean. Agentzia horrek ikus-entzunezkoen zuzendari bikainak ezagutzeko aukera eman zidan, eta Eloi Colom zuzendari katalanarekin jarri nintzen harremanetan. Bion artean osatu genuen taldea eta Euskal Herrira etorri ginen pieza grabatzera, joan den udan. Hau esanda, ematen du dena milimetrora kalkulatuta genuela sekulako lana egiteko, ezta? Ba begira, Errepidean bideoklipak izugarri eguzkitsua izan behar zuen, beroa€ Baina Euskal Herriko eguraldia errusiar erruleta bat da, eta urteko astebururik txarrena egin zuen. Ez genuen gehiago itxaron, aurrera jarraitu genuen. Amaieran, pozik. Hori da gure ingurua hoberen islatzen duen argazkirik fidelena.


