Unai Iturriaga: "Al disparar con tiras gráficas, lo harás mejor si conoces la realidad "

  • Unai Iturriaga:
    ?Tasio? eta haren lekukoa hartu duen Iturriaga, 2019ko ekainean.
argia.eus

  • Fecha15 de Abril
  • Temática Artes visuales

2019ko ekainaren 3an publikatu zuen Unai Iturriagak lehenbiziko tira grafikoa Gara egunkarian, Zugazart sinadurapean, amaren abizenetik (Zugaza-Artaza) hartua. “Eskerrik asko, Tasio!” mezuak hartzen zuen tiraren ia osoa. Javier Etayo, Tasio. Egin egunkarian  1991tik hura itxi zuten arte, Euskadi Información-en gero, eta Gara-n 1999az geroztik, egunero hutsik egin gabe, iaz erretiroa hartu zuen arte. “Zorrotz eta garratz merezi zutenekin. Maitasunez eta samurtasunez behar zutenekin”, zioen Tasioren lekukoa hartu zuen Unai Iturriagaren estreinako bineta hark. Eta, hilabeteotan Zugazart-en ibilerak jarraitu dituen irakurle gisa, esango nuke bere buruari ere aplikatzen diola Tasio-ri eskainitako esaldi hori. Iñigo Cabacas, Zaldibar, Covid19… horien inguruko tira grafikoek erakusten dutenez. Telefonoz egin dugu elkarrizketa. Ezin bestela, etxe-zuloan sartuta egonik.

Eta, zer moduz konfinamenduan?

Nahiko ondo. Edozein unetan sortzen dira tentsio momentuak etxean, itxierak berak egoera estresantea ekarri du, baina oinarrizko lehentasunak zeintzuk diren ere erakutsi digu.

Gurean, egoera zein den aintzat hartuta, umeak nahikoa ongi egokitu dira…

Umeei arnasa falta zaie, baina nahi duten guztia daukate. Gurasoak 24 orduz eta jolasa. Adin batera arteko umeek gurasoekin egotea dute desio nagusia. Bai, lagunekin-eta ere bai, baina…

Tira, egin dezagun atzera denboran. Nola izan zen Gara-n hastea? Tasio-ren lekukoa hartu zenuen…

Deitu nindutenean zur eta lur geratu nintzen, erotu zirela uste nuen. Baina bestetik, marrazkilari frustratua beti izan naiz eta… Bizitzaren gauzetarako nahiko kontserbadorea naiz, baina pentsatu nuen edonork ez daukala 45 urterekin bere bizitza laborala berbideratzeko aukerarik. “Tren hau ez da berriro pasako”, pentsatu nuen. Beldur apur bat ematen zidan, Tasiok urte mordoa eman du eta… baina “trena hartzen ez baduzu damutuko zara”, esaten nion neure buruari. Bikotekidearen babesa ere funtsezkoa izan da. Berak animatu ezean ez nintzen inolaz ere hasiko lan honetan, eta, batez ere, ezingo nuke aurrera atera.

Eta, erabakiak zure egunerokoa asko baldintzatu al du?

Erabat. Ez nuen imajinatzen zenbateraino izango zen. Ezinbestekoa da familiak marjin pixka bat ematea, oraindik ez baitut lortzen tirak aurreratzea. Iazko ekainaren 3an hasi nintzen, eta ordutik astean zazpi egun eskaintzen dizkiot, salbuespen gutxi batzuekin.

Astean zazpi egun. Eta, egunean denbora asko?

Ideia da normalean gehien kostatzen dena. Marrazten ere oraindik nahiko geldoa naiz, baina alde horretatik, denbora gutxi daramadan arren, eman ditut aurrerapausoak.

Egunkarietako albisteak edota sare sozialak lagungarri al dira, tira grafikoetara eramateko moduko gaiak berehalakoan ateratzen ez direnean?

Hor ibiltzen naiz. Bitxia da, batzuetan oso argi daukat eta beste batzuetan ez dakit zenbat saiakera egin behar ditudan. Bertsolaritzarekin alderatzen dut nik. Bertsotan ere egun on ala txarra izan dezakezu, eta bietan egin behar da kantuan. Zure buruari barkatzen ikastetik ere badauka pixka bat. Ez zara beti konforme geratuko, beti ez duzu asmatuko. Hori ere ikasi behar da. Beste kontu bat da egunerokotasunari nondik begiratu. Batzuetan pentsatzen dut: “Beti nabil hemendik…”, eta aldaketaren bat egin nahi duzu, baina tira, ofizioak dauzkanak dira.

Leer información completa en el sitio web de la fuente