La actriz Ainhoa Artetxe crea la serie on line 'Miren Gotzone'
- Fecha8 de Abril
- Temática Artes escénicas
Konfinamenduko lehen egunetan Ainhoa Artetxe aktorea bere bere burua grabatzen hasi zen, sortu zuen Miren Gotzone pertsonaia interpretatuz. Edukia bere sare sozialetara igotzen zuen ondoren eta, arrakasta ikusita, ekimenarekin jarraitzea erabaki zuen. Gaur egun, hamazazpi kapitulu daude ikusgai Instagram eta Facebook-en.
Miren Gotzone emakume euskaldun, alai eta geldiezina protagonista gisa duen mini telesaila da, familiarekin berrogeialdia pasatzen ari dena. Bere ‘don´t worry be happy’ leloarekin bat, Miren Gotzone koronabirus garai hauetan aurrera egiten saiatzen da. Ainhoa Artetxe aktoreak interpretatzen duen pertsonaiak atal bakoitzean gai ezberdinak jorratzen ditu, besteak beste, azokara erosketak egitera joatea, antsietatea lasaitzen saiatzea, zumba klase bat egitea edota haize pixkat hartzeko zaborrak ateratzea.
Klown pertsonaiarekin, eguneroko gaiak dira tratatzen dituenak, eta gakoa umorean datza, aktoreak berak azaldu duenez. «Agian identifikatuta sentitu gaitezkeen gaiak dira, eta hainbeste arduratzen gaituzten gauza horietaz barre egiteko aukera ematen digutenak garai zail hauetan».
Ainhoa Artetxe Uriartek bere errepertorioan gordeta zuen pertsonai honi argia eman dio «beldur eta ziurgabetasun momentu hauetan pertsonei alaitasun eta itxaropena eskaintzeko». Berak asmatzen ditu kapitulu guztietako ideiak eta gidoien egilea ere aktorea bera da. Grabaketarako batzuetan senideen laguntza izaten badu ere, ondorengo muntaketa eta banatze lanak Artetxek berak egiten ditu. Aktoreak adierazi duenez, argi du mini telesailarekin jarraituko duela itxialdiak jarraitzen duen bitartean eta, behin hau amaituta, jarraipena emateko aukera ez du baztertzen.


