Cuentos para alegrar a los más pequeños de la casa
- Fecha1 de Abril
- Temática Literatura
Donostia Kulturaren 'Ipuinaren Ordua' programako istorioak YouTuben ikusi eta entzuteko aukera egongo da egunero, arratsaldeko 16.00etatik aurrera, berrogeialdiak irauten duen bitartean; gehienak euskaraz izan arren, larunbatetan zeinu hizkuntzarekin eta igandeetan gaztelaniaz ere izango dira.
Eskolatik irten eta ipuin kontaketak entzutera joatea ohikoa da haur askorentzat. Etxeko txikienek ondo pasatzeko eta, bide batez, gauzak ikasteko aukera ere izaten dute istorioak entzuten dituzten bitartean. Donostia Kulturak Ipuinaren Ordua izeneko egitasmoa du horretarako eta normalean, haurrentzako ipuin kontaketa horiek Donostiako liburutegi sarean egiten dituzte. Berrogeialdiaren ondorioz etxetik irten ezin daitekeenez, liburutegietako kontaketak bertan behera geratu dira; baina laster bilatu diote irtenbidea arazoari: Ipuinaren Ordua programako ipuin kontaketak etxetik ikus ahal izango dira orain.
Astelehenean hasi ziren Donostia Kulturaren YouTubeko kanalean (Donostia Kultura) ipuinak zintzilikatzen, Lur Korta ipuin kontalariaren eta bere taldearen eskutik. "Astelehenetik igandera, egunero, arratsaldeko 16.00tan ipuin bat eskainiko da, eta ginera, astebetez egongo da zintzilikatuta horietako bakoitza", azaldu dio egunkari honi Kortak. Famili giroan ikusi eta entzuteko moduko ipuinak dira eta bakoitzak zortzi-hamar minutu artean irauten du.


