Desde el silencio, una pionera
- Fecha25 de Marzo
- Temática Artes escénicas
Garaian garaiko emakume gehienak bezala, apenas aritu zen plaza publikoan, baina unean unekoa deskribatzen zuten ehunka bertso idatzi zituen. 91 urterekin zendu da.
Hamalau ofizio, hamabost miseria». Hala hasten da Luzia Goñik idatzitako lehen bertsoa. Aizarotzen (Nafarroa) sortu zen, 1928an, baina, senideekin, sorterria utzi behar izan zuen artean haurra zela. 8 urterekin, Aizarozko eskolan hasi zen, eta, gero, Erbitiko eskolara eraman zuten. Han zigortu egiten zituzten euskaraz aritzen baziren; baina, Goñik berak kontatzen zuenez, bera euskaraz mintzatzen zen «beti». 14 urterekin, etxetik atera zen lanera, eta ordutik hainbat ofiziotan jardun zuen: kale saltzaile, talogile, arrantzale, sukaldari... Lanbide horiek eraman zuten herri ugaritan bizitzera, Nafarroan eta Gipuzkoan.
Txikitatik izan zuen bertsoekiko zaletasuna. Errenteriako (Gipuzkoa) Retegi tabernan lan egin zuen aldi batez, eta hara kantatzera joaten ziren bertsolariak entzunda zaletu zela kontatzen zuen. 50 urte zituenean, senarra hil zitzaion, eta orduan hasi zen bertsoak idazten. Horrezkeroztik, ehunka bertso idatzi zituen, unean uneko gertakariak kontatuz. Garaian garaiko emakume gehienen gisan, baina, gutxitan atera zen plaza publikora. Bertso idatziak zenbaitetan jendaurrean kantatu zituen, baina inoiz ez zen aritu bat-batean.


