Pabellón 6 de Bilbao estrena en euskera la obra de teatro absurdo 'Ubú'
- Fecha27 de Febrero
- Temática Artes escénicas
Alfred Jarry antzerkigileak 1896an estreinatutako Ubu le roi antzezlan entzutetsua lehenengoz euskaratuta, egunero taularatuko du bihartik igandera arte Pabiloi 6 antzerki laborategiko Konpainia Gazteak
«Kakrazaharra!». Gaizki esandako birao batekin abiatu zuen Alfred Jarry antzerkigileak, 1896. urtean, garai hartako antzerkiaren konbentzio guztiak apurtzen zituen Ubu roi pieza, eta klasiko bat bilakatu da denborarekin. Antzezlana dadaismoaren, surrealismoaren eta absurdoaren teatroaren aitzindaritzat jotzen dute adituek, eta hamaika bertsio, moldaketa eta itzulpen izan ditu geroztik. Bilboko Pabiloi 6 antzerki laborategiko Gazte Konpainiak euskaraz taularatuko du orain lehenengoz, Parisen jatorrizko lehen «Merdre!» ozen hura entzun zenetik 124 urte betetzen diren honetan. Raul Quiros Molina antzerkilariak 2017an egindako moldaketa hartu du oinarri Bilboko konpainiak, Ramon Bareak zuzendu du lana, eta aurreko asteetan gazteleraz eskaini ostean, Idoia Barrondok euskaratuta eskainiko dute orain, Ubu, Finantzen errege izenburupean, Pabiloi 6 aretoan, bihar hasi eta igandera bitarte.
Lehen irainetik hasita obra «zoramena» dela dio Barrondok. Sakonean, kapitalismo basatiari buruzko satira bat da antzezlana, eta muturrera eramandako pertsonaiak baliatzen ditu hori taularatzeko. Ubu izeneko pertsonaiak finantza munduaren jaun eta jabe bilakatu nahi du, eta edozer azpijokotarako prest dago hori lortzeko: Ama Ubu pertsonaiak xaxaturik, Munduko Bankuko zuzendaria eta haren familia hiltzea du plana. «Tontolapiko baten bidez kontatzen du antzezlanak benetan zer gertatzen den ekonomian», azaldu du itzultzaileak.


