Edurne Azkarate: "El teatro explora temas incómodos, pero el objetivo no es pedagógico"
- Fecha31 de Enero
- Temática Artes escénicas
Ezohiko ibilbidea duen aktorea da Edurne Azkarate (Oion, 1993). Valladoliden egin zituen interpretazio ikasketak, baita lehen aktore lanak ere. Poloniako konpainia batean egonaldia egin zuen gero. 2017an, eta euskal antzerkiaren berri apenas izanda, bere ibilbidea Euskal Herrian jarraitzea erabaki zuen. Bi urte geroago, Zaldi urdina antzezlana ari da taularatzen, Dejabu, Axut! eta Arte Dramak hirukoak osatzen duen egituraren babesean. 50 emanaldi baino gehiago egingo dituzte. Denbora izan du, baita ere, telebistan aritu eta aktore belaunaldikideekin batera bide propioa urratzen hasteko.
Zure aktore ibilbidea Euskal Herritik kanpo hasi duzu. Bazenuen aurrez Dejabu, Axut! eta Artedrama konpainiek egiten duten lanaren berri?
Ni nahiko satelitea naiz, eta nire lurrartzea fasez fasekoa izan da. Txoministak (2015) web-saila egin nuenean oraindik ez nintzen Euskal Herrian bizi. Gero Polonian izan nintzen eta handik bueltan erabaki nuen hemen bizi nahi nuela. Pauso logikoa zen ezagutzea zer egiten zen euskal antzerkian, ea gustatzen zitzaidan, zein korronte zeuden… Lagun batek aholkatu zidan Arte Dramaren Aste Santuko laborategira joateko. Joan nintzen eta han ezagutu nituen Lipus, Fuchs anaiak… Itxura batean halako laborategiak baliatzen dituzte haien antzezlanetarako aktore berriak aurkitzeko. Proposamen hau egin zidaten, eta orduan tokatu zitzaidan haien jardunaz kolpetik enteratzea.
Eta zein inpresio duzu orain, barrutik ezagututa? Harritu zaitu?
Onerako harritu nau ikusteak zeinen makinaria erraldoi eta zehatza duten. Horren guztiaren pieza bat sentitzea plazerez hartu dut, zeren zoritxarrez, oso zaila da aktoreak aktore lanetan bakarrik jardun ahal izatea. Normalean beste dena ere egin behar izaten dugu. Zaldi urdina-n gurekin lan egin duten profesionalak izan ditugu soinuan, jantzitegian, argiztapenean… Hori guztia gurekin batera sortu da, guk sortzen genuenarekin batera, eta hori ez da batere ohikoa. Horrek ematen dizu maila, kalitatea, eta antzezlanaren geruza gehiago lantzeko aukera. Eta jartzen gaitu gu, langile bezala, eta bereziki antzerkia bera, bere mailan, dagokion lekuan.
Hona etorri aurretik Polonian egonaldi luzea egin zenuen. Nola iritsi zinen hara?
Poloniakoa oso esperientzia aberasgarria izan zen. Kurtso bat egin nuen hemen, eta bertako zuzendariak aholkatuta egin nuen Poloniakoa. Gai batzuen inguruan ari ziren esperimentatzen, eta ezer ulertuko ez zuen atzerritar bat behar zuten horretarako. Han antzerkia oso desberdin kudeatzen da, publikoa da, eta hiri eta herri handi bakoitzean konpainia bat dago. Futbol taldea bezala da: herri bakoitzean badute herriko taldearen azken fitxaketen berri. Egunero daude antzokiak irekita, eta gizartean oso errotuta dago.
Horrek bultzada handia eman zidan nire ogibidean sinesteko. Ingeniari edo mediku batek badaki ingeniari edo medikua dela, nahiz eta lanik ez izan. Sorkuntzaren alorrean gaudenok ez dugu berme hori. Poloniakoa, zentzu horretan, oso aukera profesional ona izan zen. Antzokia zen nire eguneroko lantokia, eta ordutegi finko bat nuen. Langilea nintzen. Hori oso ezohikoa da hemen.


