Juan Mari Beltran: «Tradición y vanguardia están muy cerca»
- Fecha26 de Diciembre
- Temática Música, Patrimonio, Otros
Euskal kostaldeari eta itsas kulturari lotutako hamasei pieza bildu ditu Beltranek 'Kostaldeko soinuak' lan berrian. Gaur aurkeztuko du, Donostian, proiektu berriak ortzimugan dituela. Bideoa, elkarrizketaren amaieran.
Xirolarruak, askotariko flautak, toberak, txaramelak, malguak, arrabitak, mandolinak, zarrabeteak. Euskal Herrian mende luzez erabili diren musika tresnak, eta haien artean Juan Mari Beltran Argiñena (Donostia, 1947), esanez utziz gero orduak jardun ahalko lukeela bakoitzaren inguruan. Denbora librea, batik bat, Soinuenean igarotzen du, herri musikaren «museoa» bainoago «etxea» deitzen duen horretan. Eta proiektu batetik bestera aritzen da bitartean. Kostaldeko soinuak du orain artekoetan azkena, eta gaur aurkeztuko du Donostiako Viktoria Eugenia Cluben, Errege Balda, Ander Barrenetxea eta Aitor Gabilondorekin batera.
Disko barruko liburuxkan dator proposamena: «Kantuz kantu, euskal kostaldetik paseo bat». Nondik nora sortu da asmoa?
2018an Pasaian (Gipuzkoa) antolatu zen Itsas Festibalean dago hasiera. Antolatzaile taldearekin batera, guk museo moduan muturra sartua genuen; bilera batean esan zuten ez zegoela itsas kultura musikalarekin lotura zuen kontzerturik, baina nik aspaldidanik banuen karpeta bat itsasoari lotutako musikekin, dantzekin... Beraz, buru-belarri sartu nintzen horretan: doinuak aukeratzen, Azkueren eta Aita Donostiaren kantutegiak, Salaberrirenak, Hauspoa bildumako itsas bertsoak, eta, nola ez, guk zuzenean egindako landa lana; batez ere 1980ko hamarkadan, asko ibili nintzen Gipuzkoako kostalde osotik, zer soinu tresna jotzen ziren, zelako festak egiten ziren... Material asko zegoen; horrekin, aukeraketa bat egin zen handi samarra; gero, beste bat ordu eta laurden inguruko kontzertura ekartzeko, eta hor geratu zen, gutxi gorabehera, diskoan daukaguna. Errege Belda, Aitor Barrenetxea eta hirurok jo genuen, baina gure jarduera kudeatzen zuen enpresak esan zigun honekin disko bat egin behar genuela, eta halaxe sartu zen Aitor Gabilondo, lehenago ere gurekin ibilitakoa. Berea da orain ahots nagusia.
Hamasei pieza dira diskokoak. Zelan egin duzue hautaketa?
Hamasei pieza bezala hartua dago, baina gehiago dira. Azkena, esaterako, Lekeitioko Kaixarranka, lau kantu dira, baina hemen bakarrean dago. Oiartzun ibaia Pasaian itsasoratzen da, eta hortik hasten da diskoa, dantza doinu batekin: Pasaiako Batelarien Zortzikoa. Gero, Lapurditik Bizkaiko bidean hasten gara, eta istorio oso ezberdinak agertzen dira: batzuk tragikoak: Ene muthilik ttipiena, barkuan goseturik eta norbait jan behar; edo Brodazalearen kantorea, brodazale hori bahitu, barkuan sartu, urrutira eraman, eta azkenean bere buruaz beste egiten duena ezpata sartuta. Badaude istorio politagoak, eta istorio ezagunagoak ere bai: Pasaiako zezenaren istorioa (Pasaiako herritik), adibidez, Laboak hain ezaguna egin zuena.
Zuek, ordea, beste musika batekin eman duzue.
Bai, gure landa lanean aurkitutako bertsio alai bat da, tabernan kuadrillan kantatzeko modukoa. Eta zer esanik ez, bukaera aldeko Itsasoa laino dago; ni ez naiz aspertzen sekula hori entzuten, kantatzen eta jotzen. Horretan ere guk egin duguna izan da: aparte hartu eta gure bertsioa egin. Ez da dokumentu bat. Kristobal Colon-en istorioa kontatzeko, kostaldean zeuden Donostialdeko txalapartariak hartu eta txalaparta erabili dugu; kanta guztia doa txalaparten erritmo gainean. Halako gauzak egin ditugu.
Esan duzu zuen kantuak ez direla dokumentuak; kantutegi tradizionala hartu bai, baina bertsio libreak egin dituzue?
Bai. Halako lan bat egiten duzunean, saiatzen zara, ahal den neurrian, musika egiten, ez dokumentu bat erakusten. Alde horretatik, bertsio o so libreak dira; noski, errespetu guztiarekin emanda. Baina ez behintzat: «Horrela zen eta horrela emango dugu». Ez. Lekeitiko Kaixarranka, esaterako, zeinek entzun du xirolarruarekin jota? Orain bizi den inork ez. Eta ez da sekula entzun xirolarruarekin? Hor dauzkagu parrokian, bi xirolarru jole, bata kanpoaldean eta bestea barrualdean, eta dokumentazioa ikusita, badakigu Euskal Herrian tresna hori arrunta zela. Ba, Lekeitiko Kaixarranka txistuaz bai, baina xirolarruaz ere bai. Gustatzen baldin bazaigu, hala eman dezakegu.


